INFO

Euskal Herriko 25 herritan jokatuko den Binakako Txapelketa aurkeztu du Ados Pilotak

Olaberrian hilaren 21ean hasi eta Iruñeko Labrit pilotalekuan amaituko da martxoaren 29an «urteko lehiarik luze eta gogorrena». Lehen Mailako txapelketan bezala Promozio Mailakoan ere zortzi bikotek hartuko dute parte eta orotara, pilotari gazteen aldeko apustua eginez.

Ados Pilotak antolatzen duen Binakako Txapelketako pilotariak, larunbateko aurkezpenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Zapatu honetan aurkeztu da Iruñean Ados Pilotak antolaturiko Binakako Txapelketa, urteko lehiaketarik luze eta gogorrena. Hilaren 21ean Olaberrian jarriko da martxan eta 2025eko martxoaren 29an (gizonezkoen final nagusia baino egun bat lehenago) amaituko da Labrit pilotaleku ederrean Euskal Herriko 25 herritan 46 partida jokatu ondoren.

Txapelketak bi maila izango ditu: Promozioa eta Lehen Maila, eta honako bikote hauek parte hartuko dute. Lehen Mailan Barrokal-Arrastia, Oskoz-Agirre, Ruiz de Infante-Orbegozo, Arrieta-L. Galeano, Iturriaga-Mendiburu eta Aranburu-Mujika bikoteak lehiatuko dira. Promozio Mailan parte hartuko dutenak, berriz, Iriarte-Sotil, Insausti-Vertiz, Lamadrid-Perez eta Gomez-Sagardui izango dira.

Antolatzaileek pilotari gazteen aldeko apustua egin dute. Promozio mailan zortzi pilotarietatik bost berriak izango dira eta lehen mailan ere hiru debutari ariko dira. Berritasunen artean pilota berriak izango dituztela ere zehaztu dute. Horretarako Zulaika pilotagilearekin lanean jardun dute jokoari bizitasun gehiago eman asmotan.

Formatua eta jarraipena

Binakako Txapelketa honek formatu oso ulerterraza izango du, nahiz eta Promozio Mailako eta Lehen Mailakoaren artean ezberdintasunen bat egon. Hala, Promozio Mailan, ligako lehen bi bikoteak zuzenean sailkatuko dira final handirako.

Lehen Mailan, aldiz, ligako lau bikote onenek finalerdiak jokatuko dituzte: lehenengoa laugarrenaren aurka alde batetik eta bigarren sailkatua hirugarrenaren kontra, bestetik. Finalerdi hauetako irabazleak azken txapelaren bila lehiatuko dira martxoaren 29ko final handian.

Txapelketa jarraitu ahal izateko, bestalde, pilota partida guztiak zuzenean Ados Pilotak duen Youtubeko kanalean ikusteko aukera egongo da eta Hamaika telebistak ere jarraipen berezia emango dio. Astelehenetako ditu eren ‘Joko Zelaia’ saioan partidak eskainiko ditu eta zuzenean finalerdi nahiz final handi biak eskainiz. Honez gain, Izarkomekin egindako lankidetzari esker, aurkeztu berri den «Begizta» plataforman Ados Pilotak bere kate propioa izango du.

Euskal Herrian barrena

Esan bezala, final handia Labrit pilotalekuan jokatu aitzin, Binakako Txapelketak beste 25 herri bisitatuko ditu Euskal Herrian barrena. Hala, Olaberria, Sopuerta, Sunbilla, Bera, Zestoa, Lekunberri, Irurtzun, Azpeitia, Antzuola, Arroniz, Otxandio, Azkoitia, Lizarra, Mallabia, Segura, Aoiz, Tolosa, Zumarraga, Altsasu, Aizarnazabal, Getaria, Lekeitio, Beasain, Donostia eta Biarritz izango dira partiden kokaleku ezberdinak.

Iruñeko Udaleko zinegotzi den Maider Belokik nabarmendu du Binakako Txapelketaren finalak Iruñean hartzearen garrantzia. «Harrotasun handia da Iruñearentzat horrelako garrantzia duen ekitaldi baten egoitza izatea, emakumeen pilota bultzatzen jarraitzen dugu eta ohorea da hemen emakumeen Euskal Herriko txapelketarik garrantzitsuena aurkezten egotea», adierazi du.