Pholesobiren lehen igoera, hormatzar zorrotz eta oso tente batetik
Hiroki Yamamoto eta Hidesuke Taneishi japoniarrak izan dira protagonistak. Alpinista hauek seimilakoaren iparraldeko horman 1.500 metroko bide oso gogorra (ED+) sortu dute bost eguneko eskaladan.
Kangchenjungako eskualdean dagoen Pholesobi mendia (6.652 m, Nepal) erakarpen handia duen Kumbhakarnaren edo Jannuren (7.710 m) itzalean egon da. Biak ala biak parez pare daude, baina zazpimilakoak, batez ere bere iparraldeko horma entzutetsuak, inguruan dituen beste mendiei protagonismoa kentzen die.
Pholesobi txikiagoa da, bai, baina jarduera berriak bilatzen dituztenentzat eite oso interesgarriak ditu. Bi aipatuko ditugu. Lehenbizikoa, duela gutxira arte igo gabe zegoen. Eta bigarrena, seimilakoaren iparraldeko horma itzelak alpinismo teknikorako eszenatoki erakargarria da.
Bada, bi eite horiek kontuan hartuta, bikote batek apustu handia egin zuen mendiak zuen itzal horri argia emateko. Hiroki Yamamoto eta Hidesuke Taneishi dira protagonistak. Joan den urrian, japoniar hauek bost eguneko eskalada gogorrean (beste egun bat behar izan zuten jaisteko) Pholesobiren lehen igoera lortu zuten, hain zuzen ere, aipatu dugun iparraldeko horma zorrotzetik.
Pareta ikaragarri hori gainditzeko, 1.500 metroko ibilbidea ireki zuten estilo alpinoan. Horretarako, lau egun aurreikusi zituzten. Baina, zailtasunek eta mendiaren baldintzek hala eskatuta, bost izan ziren. Zailtasun teknikoei dagokienez, alpinistok ez dituzte datu zehatzak eman; soilik, zailtasun orokorra: ED+. Diote eskuarki pareta alpinoen baldintzak denboraldi batetik bestera aldatzen direla, eta, horregatik, ez dute ohiko letrarik eta zenbakirik eskaini. Baina irakurtzen den bezala, Yamamotok eta Taneishik jarduera alpino bikain bat burutu zuten.
Hori azaldu eta gero, gehitu behar dugu arrakasta hori bigarren ekinaldian erdietsi dutela. Iazko espedizioan lan ona egiten ari ziren, baina 6.149 metrora atzera egin zuten: Yamamotok biriketako edema izan zuen. Une larriak bizi zituzten; izan ere, Yamamoto ia ezin zen mugitu ere egin. Oinarrizko kanpalekura hala nola jaitsi eta Katmanduko erietxe batera eraman zuten. Astebeteko egonaldiaren ondoren, etxera itzuli zen.
Ukitu gabe zegoen Himalaiako mendi eta hormatzar tente eta gogor bat eskalatu nahi zutenez, Pholesobiren deiari ezin izan zioten muzin egin. Iazko arantza kentzeko eta lanak biribildu ahal izateko, alpinista hauek berriro jarri ziren hormatzar ikaragarri horren aurrean. Duela 48 urte Masatsugu Konishi eta Ryoichi Fukadak Jannuren iparraldeko horman egin zuten lehen igoeraren kontakizunak irakurri ostean, Pholesobiren berri izan zuten. Protagonistok aurreratu dute argi zutela proiektua zein izango zen, baina bide batez Jannuren iparraldeko horma ikusi nahi zuten; jakina, kontakizunekin harrapatuta eta liluratuta geratu ziren.
Urrian eskalatu zuten ‘North face direct’-en ezaugarriei dagokienez, mendizaleek aurreratu dute hiru aurpegi erakutsi zizkiela: misto ederra granito zurian, izotz tentea eta elur sakona. Azken ezaugarri horri azpimarra egin diote, besteak beste, eskalada teknikoaren ondoren baldintza horietan ibiltzea buruarentzat oso nekagarria izan zelako. Zailtasun teknikoei ere garrantzia eman diote, baina, bederen, euren buruak aseguratzeko arrokan eta izotzean leku egokiak aurkitu zituzten.
Bidearen giltza, berriz, gailurretik berrehun metrora kokatu dute. Izotz oso mehea zuen arrokan mistoko tarte zail bat izan zen. Oro har, japoniarrok diote ‘North faced direct’ bidea Himalaian eskalatu dituzten beste horma batzuk baino askoz ere bertikalagoa dela. Antz handia omen du Alaskako Hunter edo Alpeetako Grandes Jorasses mendiek dituzten iparraldeko murruekin.
Hamaka puzgarria
Bitxia bada ere, “tramankulu” horrek asko lagundu zien bost eguneko eskalada horretan. Aurreratu dugu Pholesobiren iparraldeko pareta oso-oso tentea dela, eta neurri handi batean eite horrek eragozpenak sortzen ditu bibak erosoak antolatzeko. Iazko eskarmentuan, adibidez, denda txiki bat eraman zuten, eta soilik behin zabaltzeko aukera izan zuten. Beste bi gauak erlaitz txiki batean eserita igaro zituzten. Ia zintzilik.
Baina aurtengo espedizioak “zortea” izan du hamaka puzgarri batekin. Berez, aurreikusitako tresnerian ez zegoen. Ez, Jannuren iparraldeko horma igotzen saiatu ziren Sam Hennessey eta Mike Gardner estatubatuarrek utzi zieten. Hortaz, bazekiten haien helburu tente horretan gauak horizontalean igaroko zituztela. Eta horregatik diote hamaka puzgarri hori arrakastaren giltza izan dela. ‘North face direct’ bidea bukatu bezain laster, japoniarrek Jannun bertan zendu zen Gardner gogoan izan zuten. Nahiz eta “erosotasun” horren jabe ziren, Yamamotok eta Taneishik baieztatu dute arazoren bat edo beste izan zituztela hamakaren zulo batzuekin. Gainera, oso txikia zen.
Irakurtzen den bezala, bi japoniarrek lan ikaragarri ona egin zuten Pholesobi mendiaren iparraldeko horman. Alabaina jarduera horrek ez du oihartzun handirik izan. Ez dira alpinista profesionalak, baina han eta hemen arakatu ondoren ohartu gara alpinista zailduak direla.
Biek ala biek 38 urte dituzte, eta alpinismoan, hormatzarretan zein kirol eskaladan maila bikaina dute. Yamamotok ekarpenaren bidetik eskalada gogorrak egin ditu munduko mendilerro ezberdinetan. Himalaian, adibidez, Kang Nachugo (6.736 m) eta Kishtwar (6.173 m) mendietan bide berriak sortu ditu. Taneishik, berriz, ez du bere ibilbidearen berri ematen. Hala ere, jakin badakigu Alpeetan, Alaskan, Dolomitetan… goi mailako jarduerak egin dituela. Talde sendo eta oso indartsua osatzen dute, eta, Mendebaldean ezezagunak diren arren, Pholesobin lortutako emaitza bikainak alpinismoko hainbat fokuren aurrean jarri ditu.
Bestalde, arestian aipatu dugu seimilakoaren iparraldeko horma horretan zabaldutako bidea Gardner-i eskaini nahi izan diote, bai eta Toshiyuki Yamadari ere. Azken horrek espedizio horretan parte hartu behar zuen, baina hernia diskal batengatik ez zuen bidaiatu.
Alpinisten heriotzak aipatu ditugunez, japoniarrok onartu dute zaila dela galera horiek ondo kudeatzea. Eskalada alpinoetan batzuk-batzuk galdu dituzte. Adibidez, joan den udan Kazuya Hiraiderekin K2 edo Chogori igotzen saiatzen ari zen Kenro Nakayimaren heriotza. Azken honek hogei urte zeramatzan Yamamotorekin elkarrekin eskalatzen. Nahiz eta Pholebosi eskalatzeko motibazioa galdu zuen, egoera zail hori gainditu eta, azkenean, seimilakora joateko erabakia hartu zuen.