INFO

Ekialdebuseko langileek greba deitu dute abenduaren 21, 24 eta 31n

Donostia Oarsoaldea eta Bidasoaldearekin lotzen dituen autobus zerbitzuak eskaintzen duen Ekialdebus enpresako langileek greba deitu dute abenduaren 21, 24 eta 31rako, daukaten «lan karga handiak» ezarritako ordutegiak betetzea eragozten dielako.

Ekialdebuseko autobus bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ekialdebuseko langileen greba batzordeak 24 orduko lanuzteak deitu ditu abenduaren 21, 24 eta 31rako, daukaten «lan karga handiak» ezarritako ordutegiak betetzea eragozten dielako. Donostia Oarsoaldea eta Bidasoaldearekin lotzen ditu Ekialdebusen autobus zerbitzuak.

Langileek ohar batean azaldu dutenez, Ekialdebus «ez da zerbitzu ona ematen ari», izan ere, «nahiz eta autobus erabiltzaileen kopurua %50 handitu den, 2011ko urteko 4 milioitik 2024ko 10 milioira (zifra errekorra) ez da autobusen kopurua handitu eskaera altu horri aurre egiteko, are okerrago, murriztu egin dira».

Diotenez, «lan karga handia dugu ezarritako ordutegiak ezin ditugulako bete eta atzerapenekin lan egiteak estres handia» sortzen die. Hala, egoera hori langileei «osasunean arazoak» sortzen hasi zaie.

«Hamar urte daramatzagu autobus kopuru eta ordutegi bera izaten ibilbideetan, nahiz eta abiadura muga murriztu egin den ibilbidearen zati handi batean; hori gutxi ez eta zifra errekorretan gaude bidaiarietan. Duela hilabete batzuetatik hona, askotan utzi behar izan ditugu bidaiariak geltokietan, edukiera osoa beteta dagoelako eta linea gehienek 10 eta 15 minutu arteko atzerapenekin egiten dituztelako irteerak, eta hori ohikoa izaten hasi da, merezi ez ditugun liskarretara eramanez erabiltzaileekin. Horrek ere atsedena ez egitera garamatza», salatu dute.

Horregatik guztiagatik, grebara jotzea erabaki dute. Kaltetuak izango diren erabiltzaileei barkamena eskatu diete sortuko dizkien eragozpenengatik, eta Ekialdebuseko zuzendaritzari eta Foru Aldundiari, berriz, «arduraz joka dezaten» eskatu diete.

Grebak abenduaren 21eko 05.00etatik abenduaren 22ko 6.30era; abenduaren 24ko 15.00etatik abenduaren 25eko 15.00etara, eta abenduaren 31ko 15.00etatik 2025eko urtarrilaren 1eko 15.00etara izango dira.