Hamabi greba egun EAEko hezkuntza publikoan, «lan baldintzak hemen eta orain erabaki ditzagun»
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek mobilizazioak eta greba egunak deitu dituzte EAEko hezkuntza publikoan, «lan baldintzak hemen eta orain erabaki ditzagun». Guztira hamabi greba egun izango dira.
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek hamabi greba egun deitu dituzte EAEko hezkuntza publikoan, «lan baldintzak hemen eta orain erabaki ditzagun».
Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleen kasuan, urtarrilaren 22an eta 23an izango dira greba egunak, baita otsailaren 26an eta 27an. Haurreskola Partzuergoko zentroetan urtarrilaren 28an eta 29an deitu dituzte greba egunak, eta otsailaren 12an eta 13an. Sukaldariek eta garbitzaileek urtarrilaren 30ean eta 31n egingo dute greba, baita otsailaren 19an eta 20an.
Sindikatuek ohar batean salatu dutenez, «duela hilabete gutxi batzuetatik hona EAEn Hezkuntza sail berria dugun arren, azken urteetako jokamolde berbera dugu mahai gainean: hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako eta negoziazioak eduki esanguratsu gabe etengabe luzatzen dituztelako. Hori horrela, mobilizazioak eta grebak deitzea da utzi diguten aukera bakarra».
«Irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago, sukalde eta garbiketako langileena zein Haurreskolak Partzuergokoena berriz 2009tik. Hamabost urte dira. Eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sail honek ere aurrerapausorik ez du ematen hitzarmenak berritzeko beharrezko edukiak proposatzerakoan. Hezkuntza Publikora bideratutako diru inbertsioa handitzeko momentua da eta langileon eskubideen urraketa geldiarazteko unea», gaineratu dute.
Eta argi utzi dute badirela «guztientzat amankomunak diren zazpi aldarrikapen nagusi: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatu eta lanpostuak egonkortzea».
«Horietaz gain, eskatzen dugu Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea», azpimarratu dute.
Lakua, harriturik
Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailak bere «harridura» azaldu du sindikatuek deitutako mobilizazio eta grebarekin eta une oro «negoziaziorako borondatea» erakutsi duela gaineratu du. «Eztabaidatzen ari ginen hobekuntza asko dagoeneko onartu dira», defendatu du.
Honekin batera, Hezkuntza sailak aste honetan sei bilera daudela aurreikusita gogoratu du. «Kezkagarria da greba iragartzea oraindik negoziazio prozesuan gaudenean», adierazi du.