«Ez-nahikotzat» jo du Behatokiak Nafarroako administrazioan profil elebidunetarako proposamena
Hizkuntz Eskubideen Behatokiarentzat Nafarroako Gobernuak administrazioan profil elebidunak jartzen joateko egin duen proposamena ez da nahikoa. Dioenez, lanpostu kopuruak ez ditu bermatuko araudiak euskarazko informazio eta zerbitzuetarako ezartzen dituen gutxieneko bermeak.
«Erabat ez-nahikotzat» jo du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Nafarroako Gobernuak administrazioan profil elebidunak ezartzen joateko egindako proposamena. Izan ere, egun Nafarroako araudiak euskarazko informazio eta zerbitzuekiko markatzen dituen minimoak bermatzen hasteko, kopuru horiekin «erabat ezinezkoa» litzateke bere ustez.
Behatokiak ohar batean gogorarazi duenez, joan den astean Nafarroako Gobernuak iragarri zuen departamendu guztietako lanpostuetako 246 plaza gehiagori profil elebiduna jarriko zaiela, herritarrei euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatzeko xedez. Guztira, Gobernuko 757 lanpostuk izango lukete euskara ezagutzeko eskakizuna, hezkuntzakoak zenbatu gabe. Hau da, administrazioan euskarazko zerbitzua berma dezaketen langileen ehunekoa %3,27tik %4,7ra igaroko da.
Beraz, lanpostu horiek hurrengo hamarkadetan aurrerapausoak mugatzeko «iruzurra baino ez» direla adierazi du Behatokiak, lanpostu kopuruaz harago, kontuan hartu beharko liratekeen hainbat parametro «ez baitira kontuan hartuko».
Parametro horien artean lanpostuek zerbitzu zentralak eskaintzen dituztela, euskaraz lan egiteko gaitasuna duten profesionalak behar direla eta egun ezartzen ez diren profilek etorkizuneko zerbitzuak ere mugatuko dituztela aipatu du.
Bestalde, Behatokiak larritzat jo du hainbat aldetatik hizkuntza eskubideen bermea edo euskarazko zerbitzuak eskaintzea «demanda parametroetan» kokatu nahi izatea. «Giza eskubideen errekonozimendua, babesa, erreparazioa eta bermea gizarte baten berezkoak beharko luketen oinarriak dira, eta herritarrek ez lukete behin eta berriro horien betetzea eskatzen ibili beharko», adierazi dute Behatokitik.
Azkenik, Behatokiak salatu du Nafarroako Gobernuak gaztelera hutsean argitaratu duela albistea bere webgunean, eta euskarazko bertsioa kontsultatu nahi izanez gero, gaztelaniazkora jotzera behartzen duela herritarra.