INFO

Laduchek eta Mancik gazteen aldarrikapena berretsi dute Winter Series txapelketan

Multzoen fasea bukatzeko hiru partiden faltan, Winter Seriesak jada badakizki nortzuk diren finalerdietara sailkaturiko lau bikoteak. Atzo Laduche eta Mancik garaipen gozoa eskuratu zuten eta modu honetan, Urreisti-Gorka, Erkiaga-Ibarluzea eta Urrutia-Basque-rekin batera, finalerdiera salkatu ziren.

Manci (ezkerrean) eta Laduche (eskuinean), finalerdietara sailkatu diren laugarren bikotea izan da. (ERAMAN JAI | ALAI)

Ezusteko asko eta gazteen aldarrikapena nagusitu da Gernika Winter Serieseko denboraldi berri honetan. Oraindik multzoen fasea bukatzeko hiru partiden faltan, jada erabakita daude finalerdiak jokatuko dituzten lau bikoteak. Urreisti-Gorka, Erkiaga-Ibarluzea eta Urrutia-Basque bikoteekin batera, hurrengo fasean izango dira Laduche eta Manci, atzo Goitia eta Del Rioren aurka garaipen gozoa eskuratu ostean.

Getarikoa eta mutrikuarrak bikote sendoa osatu dute, asteak pasa ahala bien arteko konexioa egonkortzen joan da eta horren aurrean, Goitia eta Del Rio deseroso aurkitu ziren. Inongo momentuan ez zuten partida estutu eta Laduchek, Manci bizkarzain sendo izanda, distira egin zuen. Guztira, 14 tanto egin zituen lapurtarrak, mota guztietakoak.

Markinarra eta gasteiztarrarentzat izan zen lehen tantoa, urdinek gora botatako pilota baten ondotik. Dena dela, akatsak pilatu zituztenak elastiko marroia zeukatenak izan ziren, atzean zein aurrean. Partidan sartzea kosta zitzaien eta ohartu orduko, 4-8 jarri ziren markagailuan Laduche eta Manci. Aurrean fin eta atzean sendo, gainetik pasa ziren, besteen frustraziorako. «Inongo momentuan ez naiz sentitu eroso», esan zuen partidaren bukaeran Alex Goitiak. Aurrelari elektrikoa da markinarra baina atzokoan, urdinek hala bilatuta, pilota gutxien ukitu zuen puntista izan zen.

Kontrara, Laduche bizi-bizi eta eraginkor aritu zen, Del Riok jartzen zituen pilotakada gogorren aurrean oldarkor agertuz eta aurreko koadroetan Goitia ezustean hartuta. Gasteiztarrak indarra bai baina atzokoan ez zuen lortu hori ondo kudeatzea. Goitia saiatu zen bere atzelariari lana kentzen eta argitasun une bat izan zuen, 5-13ko tantoa egin eta segidan –tartean sakez egindako bat– beste lau pilatu zituenean, markagailua apur bat txukuntzeko (8-13).

Jokoa ezusteko handirik gabe itxi zuten urdinek eta bigarrenean ere nagusitasuna mantendu –edo handitu– egin zen. Zazpi tanto jarraian eginda, Laduche eta Manci 1-7 aurreratu ziren eta garaipena bideratuta utzi zuten. Garaipena eta finalerdietarako txartela. Mutrikuarrak bigarren aldia du Gernika Winter Seriesen eta urte batetik bestera sekulako hobekuntza erakutsi du, gaur gaurkoz atzelari seguruen artean kokatuta.

Finalertietako batez besteko adina: 26,75

Gazteak aldarrikatu dira edizio honetan. Inoiz baino batez besteko txikiena zuen edizio honek eta ezustekoak pilatzen joan dira. Erkiaga-Ibarluzea bikoteak soilik bete ditu pronostikoak eta bidean geratu dira Johan-Lekerika, Barandika-Lopez eta Olharan-Zabala bezalako eskarmentudun bikoteak.

Nahikoa argigarria da finalerdietara sailkatu diren puntisten batez besteko adina: 26,75ekoa. Soilik Erkiagak gainditzen du 30 urteko langa eta Laduche, 30 urterekin, da hurrengo zaharrena. Ibarluzea eta Basquek 28 urte dituzte; Mancik, 25, Urrutiak eta Gorka Sorozabalek, 23; eta Urreisti da gazteena, 20 urterekin.

Hurrengo astean jokatuko da A multzoko azken partida, Barandika-Lopez eta Goitia-Del Rioren artean. Arantza atera nahiko dute biek eta txapelketa duintasunez bukatu.

Beste multzoan, bi partida geratzen dira jokatzeke, urteko azken astelehenean lehiatuko dira biak. Batetik, B multzoko lehen postua dago erabakitzeke. Zortzi punturekin dira Erkiaga-Ibarluzea eta puntu bat gutxiago daukaten Urrutia-Basque izango dute aurrean. Johan-Lekerika eta Olharan-Zabalak, bestalde, multzoko azkena izatea saihestu nahiko dute.

Finalerdietako ligaxka urtarrilaren 6an hasiko da, bikote guztiek elkarren aurka jokatuko dute, otsailaren 10era arte. Otsailaren 16an izango da final handia.