Mendiko eskiko bi euskal lehiakide top-5ean, Munduko Kopan
Iñigo Martinez de Albornozek, esprintean, eta Malen Osak, bertikalean bosgarren postuak eskuratu dituzte Courchevalen (Alpeak) jokatutako erregulartasunaren zirkuituko lehen hitzorduan.
Mendiko eskiko edo skimoko lehiek, batez ere nazioartean antolatutakoek, hasiera eman diote neguko denboraldiari. Kirol horretako nazioarteko federazioak, adibidez, Munduko Kopa irteera puntuan jarri du. Hain zuzen ere, Courchelvalen (Frantziar Estatua) lehen proba jokatu da. Bi modalitate izan ditu: esprinta eta bertikala. Eta bietan ala bietan, espainiar federazioarekin lehiatu diren bi euskal eskiatzaile ikusi ditugu: Iñigo Martinez de Albornoz eta Malen Osa.
Ohi den bezala, Martinez de Albornoz esprinteko hitzorduan egon zen; azken urteotan donostiarrak erakutsi du espezialista handia dela. Osak, berriz, bertikalean parte hartu zuen. Oñatiarrak lehen aldia zuen Munduko Kopan. Bada, zalantzarik gabe, aurrera dezakegu bi euskal ordezkari horiek lan bikaina egin zutela; izan ere, bakoitza bere modalitatean bosgarren postuarekin egin zen.
Courchevalen lehenak lehiatzen esprinteko espezialistak izan ziren. Eskiatzaileek ibilbide labur eta azkar bati aurre egin behar izan zioten. Sailkapen txanda ezberdinetan lainotsu egon zen, baina finalean elurte trinko batek bisita egin zien. Martinez de Albornozek lan bikaina egin eta azken fase horretako txartela erdietsi zuen. Lehen sekzioan erronbo batek lehen posizioak markatu zituen. Ondoren, oinez egin beharreko tarteak aldeak handitu zituen; hain zuzen ere, ibilbidearen giltza izan zen. Azken trantsizioan, berriz, foka-larruak aldatu eta jaitsiera tekniko bati ekin zioten.
Aipatu dugun ibilbide horretan faborito nagusiek jardun ikusgarriak egin zituzten. Gainera, lehen postuetan sailkatzeko ez zuten hutsik egin. Oriol Cardonak erakutsi zuen egungo espezialista sasoikoenetako bat dela. Itzuli bakoitzean oso fin ibili zen, eta horri esker katalana garaipenarekin egin zen. Cardonaren kronoa: 2:45.1. Arno Lietha suitzarra bigarren sailkatua izan zen 2:45.8 denborarekin, eta Thibault Anselmet frantziarra hirugarrena 2:48.0 denborarekin. Martinez de Albornozek ez zuen aukerarik izan podiumera igotzeko. Donostiarrak bosgarren postua (2:55.7) sinatu zuen.
Emakumezkoen kategorian ere antzeko egoera bizi izan zen; hots, faboritoak lehen postuetan sailkatu ziren. Emily Harrop frantziarrarentzat izan zen urrea, Marianne Fatton suitzarrarentzat zilarra eta Margot Ravinel frantziarrarentzat brontzea.
Osa, bertikalean
Esprinterren ondoren, bertikaleko espezialisten txanda heldu zen. Courchevaleko ibilbideak 3,2 kilometro eta 520 metroko gorazko desnibela zituen. Sekzio gogor hori oso ezaguna da Europako eskiatzaileentzat.
Nesken mailari dagokionez, Axelle Gachet frantziarrak egundoko erakustaldia eman zuen. Horrekin esan nahi dugu aise irabazi zuela Munduko Kopak Alpeetan izan duen lehen lehia. Gacheten kronoa 25:30.0 izan zen; bigaren sailkatuari, Emily Harrop herrikideari hamabi segundoko aldea atera zion. Sara Dreider austriarrak hirugarren postua (25:57.5) lortu zuen.
Esan dugun bezala, euskal eskiatzaile bat izan zen bertikaleko hitzordu horretan: Osa. Munduko Kopan lehen aldia izateko, onartu behar da oñatiarrak sailkapen bikaina eskuratu zuela. Lehiakide askok ez bezala, izaera horretako lehietan ez du eskarmenturik. Bai, ordea, sasoi ikaragarria.
Gogoratu behar dugu Osa trail running-eko lasterketengatik ezaguna dela. Maila bikaina ematen ari da etxean zein nazioartean, baina bertikal batean zer egingo ote zuen ez zegoen batere argi. Iaz, lehenbizikoz, bertikaleko hitzordu garrantzitsu batean egon zen: Espainiako Txapelketan. Eta «ezustean» irabazi zuen. Oñatiarra sasoia eta indarra eskatzen dituen skimoko modalitate horretan ondo moldatzen da, eta hori erakutsi du aipatu ditugun Fedmeko hitzordu horrekin eta Munduko Koparen lehen proban erdietsitako bosgarren postuarekin (26:38.8).
Mutilen kategorian, berriz, Remi Bonnet suitzarra azkarrena izan zen, Aurelien Gay suitzarra bigarren postuan sailkatu zen eta Xavier Gachet frantziarra hirugarrenean.
Azkenik, aipatu behar dugu 2026. urtean Milan-Cortinan (Italia) jokatuko diren Neguko Olinpiadetan skimoak edo mendiko eskiak lekua izango duela lehen aldiz; hots, olinpikoa izango da. Hortaz, modalitate ezberdinetako espezialistak hasi dira hitzordu handi horretara begiratzen. Europako eskiatzaileentzat 36 txartel preziatu jokoan egongo dira.