INFO

Bizkaiko nagusien egoitzetako ratioa lau egoiliarretik langile batera igotzea eskatu du LABek

Eguneko ratioa lau egoiliarretik langile batekoa eta gauekoa 15 egoiliarretik bi langilekoa izatea exijitu du LAB sindikatuak Bizkaiko adinekoen egoitzetarako. Lakuaren eta Aldundiaren ratioen dekretuak arreta «duina» eskaintzeko aukerarik ematen ez duela uste dute eta mobilizatzen hasiko dira.

LABek ostegun honetan egindako agerraldia. (LAB Sindikatua)

Bizkaiko nagusien egoitzetan ezartzen den ratioen dekretuaren aurkako konfrontazio eta mobilizazio dinamika bati ekingo dio LAB sindikatuak eta Foru Aldundia eta Lakuako Gobernua seinalatzen ditu «Bizkaiko egoitzetan egunero bizi den tratu txar egoeraren arduradun» gisa.

LABek ostegun honetan eskainitako prentsaurreko batean azaldu duenez, «milaka» dira sektore honetan egungo ratioen dekretuak «ezartzen dien xantaia emozionala» pairatzen duten langileak. Gainera, egoiliarrei arreta «duina» emateko denborarik gabe lan egiten dute. «Dekretu horrek langile bakar batek pertsona bat hamar minututan garbitu, jantzi eta dutxatzea dakar, gauean 35 edo 40 egoiliarren ardurapean egotea edota oinarrizko jardueretan gutxienez 15 pertsona zaindu behar izatea», zehaztu dute.

Horrela, Foru Aldundiak eta Lakuak ezarritako ratioek «oso larriki» kaltetzen dute egoiliarren eta langileen bizitzaren duintasuna, besteak beste egoiliarrei ez dielako aukerarik ematen «entzunak izateko eta pertsona guztiok behar dugun gutxieneko arreta emozionala jasotzeko».

Hiru dira LABek proposatzen dituen neurriak. Batetik, eguneko ratioa langile batekoa izateko lau egoiliarreko. Bestetik, gaueko ratioa bi langilekoa izatea 15 egoiliarreko. Azkenik, erizaintza zerbitzua 2 orduz izatea eta gutxienez erizain bat egotea 16 egoiliarreko.

Bizkaiko egoitzetako batzuen egoera honakoa da: Portugaleten, langile bat gauez 34 egoiliar zaintzeko; Abeletxe, Ermuan, eta Aita Menni, Durangon, langile bat gauez 38 egoiliar zaintzeko; Bizkotxalde, Basaurin, langile bat gauez 40 egoiliar zaintzeko; Santa Mariñe, Urdulizen, egunez langile bat aldi berean 20 egoiliar zaintzeko; Nuestra Señora de los Desamparados, Karrantzan, langile bat aldi berean 17 egoiliar zaintzeko.