INFO

C. Tanganaren debuta zuzendari lanetan

LA GUITARRA FLAMENCA DE YERAI CORTÉS
Estatu espainola, 2024. 91’. Zuzen.: Anton Alvarez (C. Tangana). Musika: Yerai Cortes. Argazkia: Oriol Barcelona, Nauzet Gaspar, Alvar Riu, Diego Trenas, Arnau Valls Colomer.

Escena de ‘La guitarra flamenca de Yerai Cortés’. (Little Spain)

Yerai Cortes pertsona ezaguna da flamenkoaren munduan, eta Anton Alvarez (C.Tanganak), ezagutu zuenean, txundituta geratu zen haren talentuarekin. Elkarrekin disko bat grabatzea erabakitzen dute, eta proiektuaren prozesu artistikoa erakutsi nahi izan du zuzendari espainiarrak bere lehen film luzean. Esperientzia musikal bat den dokumental honek pasioz, maitasunez eta barkamenez betetako istorio bat du oinarri.

Premisa horretatik abiatuz, lan honek Cortesen bizitza pertsonala eta profesionala aztertuko ditu, eta bereziki gurasoekin duen harremanean eta musika flamenkoarekiko duen pasioan zentratuko da.

Cortes ezohiko figura da flamenkoaren barruan; ijito tradizionalistenek asko errespetatzen dute, baina baita bera partaide den olatu berriko artista abangoardistek ere. Erakutsiko du flamenko musikak eboluzionatzen jarraitzen duela, tradizioa eta modernitatea uztartuz eta artea publiko berrietara eramanez.

Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zen lana eta Aipamen Berezia jaso zuen. Filmaren aurkezpenean, Cris Trenas-ek, dokumentaleko ekoizleetako batek esan zuen: «Abentura zoragarria izan da Yerai eta bere familia ezagutzea. Oso prozesu bizia eta polita izan da. Une zailenek ere balio izan dute pelikula hobea egiteko. Oso harro gaude gertatu den guztiaz».

Anton Alvarezen debuta da zuzendari lanetan eta horren harira honakoa aipatu zuen Zinemaldiko solasaldi batean: «Opera prima bat ahaztu ezin den zerbait da. Nire bizitza osorako markatu nauen zerbait da, eta egiten dudana aztertzeko, idazteko, musika ulertzeko, harremanak egiteko dudan modua eraldatu du.Ez dakit denei gertatuko zaien, baina itsutu egiten zara jokoan dagoena asko axola zaizulako».