INFO

Udal idazkariei eta Gipuzkoako egoitzei eragin die oraingoan euskararen aurkako oldarraldiak

EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du, kautelaz, Lakuak tokiko administrazioetako idazkarientzat abian jarritako LEPa. Halaber, Gipuzkoako Aldundiak zaharren egoitzetako langileak egonkortzeko eskatu dituen hizkuntza baldintzak kontrako epaia jaso du.

Gipuzkoako Aldundiko beharginek elkarretaratzea egin dute euskararen kontrako epaia salatzeko. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Enpleguaren eskaintza publikoetan euskara jakiteko baldintzaren kontra martxan den oldarraldi judizialak eraso bikoitza egin du ostiral honetan. Batetik, EAEko Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi du Lakuak udal idazkarientzat abian jarritako LEPa eta, bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak zaharren egoitzetako langileak egonkortzeko prozesurako zehaztu zuen euskara eskakizunaren kontra agertu dira epaitegiak.

Hamabi urte baino gehiagoren ostean, Lakuako Gobernuak udaletako idazkari, kontu-hartzaile eta diruzainei zuzendutako Lan Eskaintza Publikoa (LEP) abiatu zuen, orotara 177 plaza eskainiz. Alabaina, Cosital delakoak (Tokiko Administrazioko Kontu-hartzaileen, Idazkarien eta Diruzainen Estatuko Elkargoak) helegitea jarri zion deialdiari eta, asteazkenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki zuen deialdia kautelaz bertan behera uztea.

Xabier Ochandiano Lakuako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Harreman Publikoetarako sailburuordeak ostiral honetan azaldu duenez, Lakuak alegazioak aurkeztu dizkio ebazpenari. Udalek eta herritarrek bi hizkuntza ofizialetan artatuak izateko duten eskubidea defendatu du.

ELA sindikatuak, bestalde, adierazi du auzitegiaren erabakia «oso larria» dela eta salatu du deialdietako baldintzak «Estatuak dioen horretara» zedarritzen direla.

«Eusko Jaurlaritzak lanpostu horietarako sarbidea arautzeko eskumen osoa aldarrikatu behar du, orain Eusko Jaurlaritzak prozesu horiek diseinatzen dituelako, baina betiere Espainiako Ministerioak esaten duenaren barruan», agertu du ohar batean.

Egoitzetako langileak

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak zaharren egoitzetako langileak egonkortzeko prozesurako zehaztu zuen euskara eskakizunaren kontra agertu dira epaitegiak, LAB eta ELA sindikatuek jakinarazi dutenez.

Euskararen kontrako oldarraldiaren beste agerraldi hau, zehazki, hogei zaintzaileren egonkortze prozesuko oinarrietan zehazten den hizkuntza eskakizunaren aurka doa. Euskara derrigorrezko baldintza izatea «diskriminatzailea, gehiegizkoa eta neurriz kanpokoa» dela dio epaiak, sindikatuek azaldu dutenez.

Aldundiko langile batzordeak, desados epaitegien erabakiarekin, elkarretaratzea egin du ostiral honetan. Zehaztu duenez, adineko erabiltzaileekin zuzeneko harremana dute egoitzetako langileek, eta aldarrikatu du Administrazioak egoitzetako egoiliar orori bermatu behar diola bere hizkuntza eskubidea, baita bertan lan egiten duten langileei ere.

Gainera, auzi honetan CCOO eta UGT sindikatuek nahiz PSE alderdiak dituen ardurak seinalatu ditu ohar batean. Zehaztu duenez, CCOOk, zeinak euskara eskakizunen kontrako jarrera erakutsi izan baituen, ELA eta LABen aurka jo du berriki, esanez «langile prekarioen aurkako seinalamentua» sustatzen dutela.

«Oso larritzat jotzen dugu, gezurren atzean ezkutaturik, CCOO sindikatuak jendaurrean saltzen duena, ondo baitakigu, sindikatuaren interesak aurrera ateratzeko langile zaurgarrienak erabiltzen dituela», ohartarazi dute ELA eta LABek.

«Egoera honi galga jartzea euskal politikariei dagokien ardura da, horretarako Euskararen Legea egokituz nahiz Hizkuntza Eskakizunen Dekretu birformulatu berria berregokituz. Ez gara aspertuko behin eta berriz hori esateaz! Sindikatuoi dagokigu langileak euskaraz lan eta bizi daitezen neurriak bultzatzea eta euskal politikariei hori posible izan dadin beharrezko diren legezko neurriak hartzea», adierazi dute.

Aurrekariak, Aldundian bertan

Ez da euskararen kontrako oldarraldiak Gipuzkoako Aldundiari eragiten dion lehen aldia. 2023ko martxoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen administrazio honen menpeko Uliazpi Fundazioaren lan deialdia, hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana gehiegizkoa dela iritzita. Aurtengo maiatzean, Auzitegi Nazionalak berretsi egin zuen ebazpen hori.

Horrez gain, Aldundiaren menpeko diren Kabia egoitzetako langileentzako 34 plaza betetzeko egindako deialdiak patu bera izan zuen, epaitegiek esan ostean «euskara jakiteko baldintzek enplegu publikoa lortzeko oinarrizko eskubidea urratzen dutela». Berdin gertatu zen ostatuetako garbitzaileei zuzendutako deialdi batekin, hauek ere instituzio beraren menpeko.