INFO

Hamar urte jaitsi da Winter Serieseko finalerdietako puntisten batez besteko adina

Gernika Winter Serieseko finalerdiak jokatuko dituzten zortzi puntisten batez besteko adina 26,7 urtekoa da. Inoizko ediziorik gazteena izan da aurtengoa, eta hauek indartsu daudela berretsi dute, ezustekoak eman eta hurrengo fasera sailkatuta. Urtarrilaren 6an hasiko da finalerdietako ligaxka.

Gorka Sorozabal, finalerdietarako txartela lortu berritan. (ERAMAN JAI ALAI)

Gernika Winter Serieseko lehen ediziotik –parte hartzaile murritzena zuen, 12 puntistekin– aurtengora, pilotarien adinen batez bestekoak nabarmen egin du behera: kasik zazpi urte murriztu da, hain zuzen ere. 2022ko neguan jokatu zen edizio hartan (35,1eko batez bestekoa), soilik jokalari bat jaisten zen 30 urtetik –Unai Lekerikabeaskoa–, eta aurten, hamasei puntistetatik hamar dira 20-30 urte bitartekoak. Hala, aurtengo batez besteko adina lehen fase honetan 28,7 urtekoa izan da.

Gazteen kopuruan handitu ez ezik, hauek foku guztiak bereganatu dituzte, pilotalekuan ezustekoak eman eta finalerdietara sailkatuta. Horixe da aurtengo edizioaren berezitasuna, gazteek kalitatezko urratsa egin dutela. Hain justu, duela bi urte –kasik hiru, 2022ko otsailean–, soilik pilotari bakarra zegoen 30 urteko langara iritsi gabe, eta aurten, finalerdietan Erkiagak soilik gainditzen du soberan langa hori, eta muga-mugan dago Ludovic Laduche lapurtarra. Beste datu argigarri bat: lehen edizioan finalerdietara iritsi ziren puntisten batez bestekoa, 36,3 urtekoa izan zen; aurten 26,7koa da.

Bi urte eskasean berrikuntza handia gertatu da parte-hartzaileetan, erreleboa bermatu dute gazteek eta hauei bidea zabaldu diete beteranoenek: Aldazabal anaiek erretiroa hartu zuten, baita Diego Beaskoetxea eta Iñaki Osa Goikoetxea txapeldun handiek ere.

«Horrela izan behar du»

Kirol baten osasuna adinak ere neurtzen duelako. Modu honetan, urtez urte joan da txikitzen batez besteko adina, eta aurtengoa erabat gaztetuta aurkeztu zen. Aire freskoa sartu dute gazteek, eta ezustekoak bata bestearen atzetik eman dituzte. Urreisti-Gorka bikoteak potentzial asko zuela aurreikusten zen eta, lotsak pilotaleku kanpoan utzita, Barandika-Lopez bikote beteranoa txikitu zuten –Jai Alai Ligako irabazleak, denboraldiko erregularrenak–, zaleak aho bete hortz utzita.

«Presioaz aparte, ez genuen ongi jolastu. 20 urteko gazte bat etortzea eta denoi irabaztea... horrela izan behar da», esan zuen Barandikak, porrota filosofia osoz aztertuta. Laduche eta Manciren aurka bigarren porrota jasotzean, finalerdietara sailkatzeko aukerarik gabe geratu dira.

A multzoa menderatu behar zuen bikotea zen Barandika-Lopez, eta, B multzoan aurreikuspenak zailagoak ziren arren, Johan-Lekerika ere indartsuenen artean ikusten zen. Unai Lekerika, lehen edizioan gazteena izan zena, eskarmentuz bete zen AEBetako egonaldian, bai eta Euskal Herrira itzultzean ere –Winter Serieseko bi final jokatu ditu–. Ordea, belaunaldi berrien bizitasunarekin egin du topo. Urrutiak urrats bat egin du aurten eta, Basque bizkartzain izanda, Erkiaga-Ibarluzeari lehen postua kentzen saiatuko dira. Azken hauek, iazko irabazleak, pronostikoak bete dituzten bakarrak dira.

Norgehiagoka parekatuak

Lehen fasea bukatzeko hiru partiden faltan erabaki dira finalerdiak. Azken hiru partida hauek deskafeinatu samarrak izango dira, ez baitago ezer jokoan –aipatu B multzoko lehen postua–. Finalerdiak azkar erabakitze honek, baina, ez du esan nahi norgehiagokak “sosoak” izan direnik. Aste honetako partida izan ezik –Laduche eta Mancik ordubete eskasean garaitu zituzten Goitia-Del Rio–, gainontzekoak oso lehiatuak izan dira. Hor ere egin da urrats bat, iaz Aritz Erkiagak hedabide honi emandako elkarrizketan aldarrikatu bezala: «’Soso’ samarrak izan dira. Horregatik, aurten joan da jendea frontoira, baina horrela jarraitzen badugu, jendea nekatu egingo da», esan zuen.

Aurten emozioak berpiztu dira lehen fasetik hasita, tanto ikusgarri eta ezustekoekin. Urte berriarekin batera hasiko da finalerdietako ligaxka. Urreisti-Gorka, Laduche-Manci, Erkiaga-Ibarluzea eta Urrutia-Basque, nor baino nor, denak elkarren aurka. Txapelketa zerotik hasiko balitz moduan, bikoteen konexioa apur bat gehiago estututa. Erkiagaren monopolioa –orain arte jokatu diren hiru ediziotik bi irabazi ditu– apurtzea izango dute xede gazteenek; Ispasterkoak bere kalitatea berretsi nahiko du.