Herri memoria, Errenterian 1979-1980an bizitakoari aurre egiteko tresna gisa
Errenteriako eta inguruko herritar gehienek gogoratuko dituzte 1979 eta 1980an izandako bahiketak eta bortxaketak. Errenteriako Berdintasun Kontseiluak «Ulertzea, bizitzaren bila. Emakume gazteen bahiketa eta bortxaketa» liburua argitaratu du.
Memoria oso garrantzitsua da oraina ulertzeko eta etorkizuna marrazteko, non etorkizun horretan giza eskubideak errespetatuko diren», hala azaltzen du Bertha Gaztelumendi Argituzeko kideak. Horregatik, aurrera egiteko atzera begiratu dute Errenteriako Berdintasun Kontseiluarekin batera, ‘Ulertzea, bizitzaren bila. Emakume gazteen bahiketa eta bortxaketa, 1979-1980’ liburua onduz.
Izenburuak azaltzen duen bezala, 1979 eta 1980 bitartean eskuineko taldeek eta talde parapolizialek egindako bederatzi bahiketak eta bortxaketak jasotzen ditu liburuak, baita Ana Tere Barrueta Alvarez eta Maria Jose Bravoren hilketak ere. Zaila da horrelako kasuak zenbakietara eramatea (inoiz zenbaki guztiak ez ditugu jakingo, gainera), baina batzuetan zenbakiak testuingurua azaltzeko ere baliagarriak izan daitezke. Beste zenbait zenbaki ematearren: protestak eta manifestazioak, 22; Poliziaren eta Guardia Zibilaren kargak manifestazioetan, 9; mobilizazioetan atxilotutako pertsonak, 18; manifestaziotan larri zaurituak, 2; bortxaketen egile gisa atxilotutako pertsonak, 0.
Bederatzi bahiketa eta bortxaketa kasuak aletzen ditu liburuak. Badira hamar urte Argituzek Errenterian izandako giza eskubideen urraketen inguruko txostena egin zuela, eta Gaztelumendik kontatzen du Mari Jose Molina elkarrizketatzeko aukera izan zutela. Garaiko Errenteriako Emakume taldeko eta Memorandra memoria feministako kidea zen Molina; eta Argituzeko kideak Molinaren lanaren berri eman dio GARAri: «Aipatutako bortxaketak gertatu zirenean, bera biktimengana eta senideengana hurbildu eta batzuk elkarrizketatu zituen. Orduan konturatu zen, nahiz eta berak nekez sinesten zuen eraso horiek ez zirela arruntak, baizik eta motibazio politikokoak. Batekin eta bestearekin egon ondoren, ikusten zuen eraso horietan ezaugarri amankomun batzuk zeudela, modus operandi jakin bat zegoela».
«Emakumeen aurkako sexu tortura, hilketak eta desagertzeak ez dira zorte txar kontua, ez dira ‘batzuetan gertatzen diren gauzak’. Ez, nozio politiko bat dira; sistema soziala egituratu eta eratzen duen nozio politiko bat», azaldu du Nerea Barjolak liburuaren hitzaurrean. Eta erantsi du «helburu argia» zutela eraso haiek: «Garai hartako disidentzia eta borroka politiko sozial eta feminista ezartzen ari ziren aldaketa guztiak desegitea». Izan ere, ez da kasualitatea 80ko hamarkadan askapen nazionalaren zein sozialaren aldeko borroketan murgilduta zeuden herrietako emakumeei eraso egitea.
Emakumeen aurkako sexu tortura, hilketak eta desagertzeak ez dira zorte txar kontua
‘Modus operandi’ bat jarraitzen zuten garaiko bahiketek eta bortxaketek. Hainbat emakume taldeetan landu zuten gaia, eta modu bera errepikatzen zela ikusi zuten. Denbora-espazio berean gertatu ziren (79ko amaieratik 80ko maiatzera bitarte), eta hurrengo urteetan ez ziren berriro gertatu, ez modu horretan behintzat. Gatazka politiko eta laboralez jositako eremu geografikoetan gertatu ziren. Eraso bakoitzean bi edo hiru egilek parte hartu zuten eta beti zeuden arma laburrez armatuta. Autoak erabiltzen zituzten biktimak bahitu eta babesik gabeko leku batera eramateko, eta, ondoren, berriz ere hasierako herrira eramaten zituzten. Biktimei eta haren lagunei galdeketak egiten zizkieten: beraien ideologia politikoari buruz, lagun eta gurasoen ideiei buruz…
Zigorgabetasun osoz jarduten zuten, leku publikoetan, aurpegiak eta matrikulak estali gabe, urduritasunik gabe, seguru, jakinda legeak ez zuela haien kontra egingo. Biktimak 14 eta 19 urte bitarteko emakume gazteak izan ziren, bost adingabeak. Eraso batzuen bukaeran «ez zara azkena izango» mehatxatzen zieten. Batzuetan erreibindikatu egiten zuten, eta beste batzuetan ez, nahasmena sortzearren. Egin zutenetan GAE (Espainiako Talde Armatuak) eta BVE (Batallón Vasco Español) siglak erabiltzen zituzten.
Eragin handia
Errenteriako Berdintasun Kontseiluko kidea da Txelo Berra, eta gogoratzen du «momentu oso traumatikoa» izan zela, belaunaldi oso bati eragin ziona: «Pentsatzen zenuen edozer gertatu ahal zitzaizula, ez zegoelako babestu zintzakeen ezer. Ez zen orduen kontua, ez eta bakarrik edo lagunduta joatearena, edozein lekutan harrapatu ahal zizuten, eta, norbait armatuta baldin badago, ezin zara babestu. Babesgabetasun sentipen hori ikaragarria zen».
Barjolak, bortxaketen ‘modus operandia’ eta egileen zigorgabetasuna aztertu ondoren, «desagertze behartuaren» terminoa baliatzen du kasu hauei erreferentzia egiteko: «Termino horrek aukera ematen du erasoak politizatzeko, eta kokatu egiten ditu, testuinguru politiko batean emandako indarkeriazko erantzun misogino gisa».
Bere ustez, eraso horien inguruko ahanztura eta zigorgabetasuna direla-eta, biktimei egia ebatsi egin zaie, eta erreparaziorako eskubidea. Eskuin muturrak eta talde parapolizialek momentuan aldarrikatu zuten eraso hauen egiletza, eta hala ere, 44 urte igaro ondoren, Estatu espainolak ez du bete «ikerketa eraginkorrerako eta egia argitzeko» betebeharra.
«Benetako egia» ezagutzeko, Gaztelumendirentzat garrantzitsua da ikerketa horiek ikuspuntu feminista batetik egitea, «bestela egiaren zati bat bakarrik jasoko dugu, eta ez egia osoa». Berrak ere bat egiten du, izan ere, bere iritziz, Euskal Herrian askotan emakumeen memoria bigarren planoan geratu izan da, ez da hitz egin, ez da entzun edo ez da entzun nahi izan, eta «gu ere herriaren parte gara» aldarrikatu du irmoki.
Herri erantzuna
Lehen bahiketen eta bortxaketen berri izan bezain laster antolatzen hasi ziren herriko emakume taldeak. Mobilizazioak egin zituzten eraso bakoitzaren ondoren, eta kasu partikular bakoitzarekin neurri zehatzak ere hartu zituzten. Errenterian egindako bigarren bortxaketarekin, esaterako, mobilizazioa eta manifestua kaleratzeaz gain, neurri zehatzak hartzeko eskatu zioten udalbatzari. Honakoak ziren eskariak: zigorgabetasunari aurre egitea, herritarrei auzoetan zaintza lanak egiteko dei egitea udaltzainekin batera, informazioa lortzen duen jendeak Udalari horren berri ematea, eta Gobernadore Zibilarekin biltzea, ikerketaren berri eman zezan.
1980ko urtarrilaren 17an Errenterian Greba Orokorra ere egin zuten, eta hedabideetan ere aipatzen hasi ziren ez zirela «bortxaketa arruntak». 1980ko maiatzean, egoerak antzeko jarraitzen zuela ikusita, KAS Emakumeak taldeak proposamen bat egin zuen, Errenteriako Udalak onartu egin zuen; Donostiako Udalak, aldiz, partzialki soilik. Honakoa jasotzen zuen proposamen hark: 1) Emakumeek beren gorputza erabiltzeko duten eskubidea defendatzea; 2) bortxaketa horiek eta beste edozein eratako bortxaketak salatzea; 3) ikerketa batzordeak indartzea; 4) autodefentsa taldeei babesa ematea; 5) polizia indarrek Euskaditik alde egiteko eskatzea; eta 6) Gobernadoreari erantzukizuna eskatzea.
Inoiz ez da erantzunik jaso, ordea, eta zigorgabetasunaren aurrean memoria eraikitzea eta zabaltzea hartu du mugimendu feministak erantzuna emateko modu gisara.
«Eskubideak defendatzen ez badira, galdu egiten dira, eta elkartasuna da beti defentsarik onena»
Bestalde, zigortzeak ez duela ez errepikatzeko bermerik ematen adierazi du Barjolak: «Sexu erasotzaileei eta goi agintari militarrei zigor penala jartzeak ez du berez bermatzen ez dela berriro gertatuko. Banakako erasotzaile bati zigorrak jartzeak, kasu paradigmatiko bat izanda ere, ezin du irauli kalean libre-libre dabiltza beste ehunka mila erasotzaileak babesten dituen zigorgabetasunaren munta. Sexu bortxaketaren dimentsioa ezin da justizia formalaren sistemaren bidez bakarrik konpondu».
Eta, horregatik, memoria eraikitzeko, gertatutakoa ulertzearen eskakizuna. Egia epistemologia feminista batetik produzitzearen garrantzia, Errenterian egin gisara: «Ulertzea nozio politiko bat da, eta berekin dakar ezagutza feminista eskuratzea, eta testuinguru batean kokatzea emakumeon bahiketak, bortxaketak eta erailketak, erregimen politiko sexista egituratu baten barruan».
Errenteriako Berdintasun Kontseiluak ohartarazi du: «Eskubideak defendatzen ez badira, galdu egiten dira, eta elkartasuna da beti defentsarik onena».