Ane Olaetaren erakustaldiak Kopara iristeko bidea erraztu dio Lointek Gernika Bizkaiari
Celtari 80-69 irabazteko antolatzaile gernikarrak 23 puntu sartu zituen, horietatik 14 azken laurdenean. IDK Euskotrenek Badalonan irabazita jaitsierako postuak atzean laga ditu, asteburuko neurketak galdu dituzten Araski eta Ardoiren kaltetan. Asteburuko euskal derbiek gauza asko argituko dituzte.
Emakumeen Endesa Ligako sailkapenak, euskal taldeei dagokienez, irla bat eta multzo bat marrazten ditu. Lointek Gernika Bizkaia da irla, sailkapeneko Top 8an dagoen euskal talde bakarra, 7-5 balantzearekin eta aurreneko itzulia amaitzeko bi jardunaldi falta direla, Kopan jokatu ahal izateko txartela lortzeko aukera handiekin. Multzoa, berriz, IDK Euskotrenek, Kutxabank Araskik eta Oses Construccion Ardoik osatzen dute: jaitsieran postuetan edo horietatik nahi baino hurbilago daudelako.
Asteburuko berri pozgarrien artean Ane Olaetak Celtaren aurka egin zuen partida puska dago. Gernikan jaiotako antolatzaileak 23 puntu sartu zituen Celtaren aurka, horietatik 14 azken laurdenean. Vigoko taldea maila ez galtzeko borrokan murgilduta dabil denboraldia hasiz geroztik –azken-aurreko postuan dago, hiru garaipen baino ez dituela–, baina Cristina Cantero entrenatzailearen eskutik talde petrala eta gogaikarria da.
Neurketa 57na berdinduta zihoan partida amaitzeko zazpi minuturen faltan. Galiziarren defentsak uztaipea jokalariz bete zuen, Gernikak kanpoko jaurtiketak sartzeko zer-nolako arazoak dituen. Bada, Ane Olaetak beldurrik gabe saiatu zituen bere kanpoko jaurtiketak eta pare bat bider asmatu zuen. Ondorioz, Celtaren defentsa kanporantz ateratzen hasi zen eta bikain baliatu zuen gernikarrak bere barneraldiekin kanpotik irekitako zuloa handitzeko.
Hain da xinplea saskibaloia, izan ere! Olaetaren lan horri esker zazpigarren garaipena pilatu zuen Lucas Fernandezek zuzentzen duen taldeak eta sailkapeneko seigarren postura igo da, Top 8an murgilduta dauden Jairis, Joventut eta Kanaria Handiarekin batera, eta zortzi onenetatik at dauden Estudiantes eta Ferrol taldeek baino garaipen bat gehiagorekin –eta askoz puntu alde hobearekin, gainera–.
Lointek Gernika Bizkaiaren hurrengo arerioak, IDK Euskotrenek hain zuzen, eman zuen asteburuko beste albiste pozgarria euskal taldeentzat. Behar zuen Azu Muguruzaren taldeak Badalonan lortu zuen garaipenaren antzeko poz bat etxeko lanak, lehenaz beste, gehiago gaiztotu baino lehen. Joventuten aurka 65-74 nagusitu ziren donostiarrak, azken laurdenean 11-26ko partziala erdietsi ostean. Ezin izan zuten uztaipean Mariam Coulibaly geratu –25 puntu eta 9 errebote lortu zituen IDK Euskotreneko jokalari ohiak–, baina kanpoko lerroak –19 puntu Delicia Washingtonek, 15 Roso Buchek eta 11 Laura Corneliusek– desorekatu zuen partida gipuzkoarren alde.
Kopara begira borrokan
Garaipen honen ondorioz, ligako azken postua laga du Ibaeta Basketek, eta hamahirugarren posturaino salto egin du. Ostiralean Valentzian jokatu beharko du, azaroaren 1ean jokatu ezinik geratu zen neurketari ekiteko. Valentzia Basket sailkapeneko hirugarrena da eta lan zailak izango ditu Azu Muguruzaren taldeak, baina behintzat arnasa hartzeko moduan dira donostiarrak ostiraleko dema zailari ekin aurretik.
Eta aipatze hutsak barregura ematen badu ere, hilaren 27an eta 30ean jokatu behar dituen neurketa horietan erabakiko da IDK Euskotreneko Koparako aukerarik ba ote duen. Logikak ezezko borobila dio, horretarako partida biak irabazi beharko dituelako, baina aukerarik duen artean, itxaropenari eutsi beharko dio talde donostiarrak.
Bizkaitarrek, aldiz, donostiarren kanpoko lerro indartsua zaindu beharko dute. Egia da aurten Ibaeta Basket ez dabilela horren fin etxeko neurketetan eta barruko jokoan, Awa Fam, Dodson edo Irati Etxarrirekin min handia eman diezaiokeela talde gipuzkoarrari, baina kanpoko lerroak –Olaetak, Buenavidak, Ariztimuñok, Westerikek...– puntuekin lagundu ezean, asko zailduko zaizkio gauzak. Eta bizkaitarrentzat bai, bizkaitarrentzat Koparako txartela bermatzea suposatuko luke hilaren 30ean Gascako derbia irabaztea.
Porrotak derbia baino lehen
Etxean jokatu arren, oso zeregin zailak zituzten Kutxabank Araskik eta Ardoik. Gasteiztarrek Valentzia Basket estu hartu zuten gainera, aurreneko laurdena 12-27 galdu arren. Aliaga, Mununga, Hermida eta Hill 10 puntuen langa gainditzeko kapaz izan ziren eta gasteiztarrek azkenean 67-76 galdu bazuten ere, harro egoteko moduko lehia jokatu zuten behintzat.
Hori bai, azken lau partidak galdu ditu Madelen Urietaren taldeak eta sailkapen nagusiko beheko zuloan dago, 3-10 balantzea duten taldeen artean katramilatuta, baina jaitsiera postuetatik at, oraindik.
Ezin gauza bera esan Ardoiri buruz, sailkapen nagusiko azken postuan dago-eta. Zizur Nagusiko taldeak 51-84, sekulako belarrondokoa jasan zuen Basket Zaragozaren aurka Arrosadia pabiloian, laurden guztiak galdu ondoren. Hori bai, aurreneko laurdena 21-37 amaitu zen Aragoiko taldearen alde eta handik aurrera atzetik aurrera egin beharreko lana geroz eta gehiago konplikatu zitzaion talde nafarrari.
Hain zuzen, Ardoi eta Kutxabank Araski aurrez aurre izango dira datorren larunbatean, 19.00etatik aurrera, Arrosadia kiroldegian. Celtarekin batera, 3-10 balantzea dute talde hauek biek; uneotan Kutxabank Araski dago jaitsiera postuetatik kanpo, baina lau porrot segidan pilatu ondoren, ez dago tenorerik onenean. Ardoik, bestalde, aurkari zuzenen kontrako partidetan eman du bere mailarik onena eta horietako hiru –Celta, Ensino eta La Seu– irabazi ditu. Juantxo Ferreirak zuzentzen duen taldeak ederki daki zein borroka irabazi ditzakeen eta han jartzen ditu bere indar guztiak. Ondorioz, oso derbi interesgarria jokatuko dute zapatuan. Garaileak jaitsiera postuetatik at egingo du lo ziurrenik 2025a iritsi artean.