INFO

Gabonetako elikagai tipikoetan %12,3ko batez besteko prezio igoerak antzeman dituzte

OCU kontsumitzaileen elkarteak %12,3ko batez besteko igoerak antzeman ditu Gabonetako elikagai «tradizionaletan» azarotik hona, batik bat itsaski eta arrainen prezioetan. Lanpernak dira gehien garestitu direnak (%78) eta txirlak (%53) ondoren.

Txirlak %53 garestitu dira azaro bukaeratik, OCUren arabera. (Isabel INFANTES | EUROPA PRESS)

Azaro bukaeratik hona Gabonetan jaten ditugu elikagai «tradizionalak» batez beste %12,3 garestitu dira, OCU kontsumitzaileen elkarteak eginiko azterketa baten arabera. Iaztik hona, berriz, produktu horien prezioak %6,8 igo dira, azken bi urteetan baino «askoz» gehiago.

Erakunde horrek ohar batean azaldu duenez, aurreko urteetan bezala prezio igoerarik handienak itsaski eta arrainetan antzeman dira; haragian, aldiz, garestitzeak apalagoak dira. Txanponaren beste aldean, frutak eta barazkiak dira prezioa jaitsi edo apaldu dutenak.

OCUk gogoratu duenez, 2015etik dihardu Gabonetan tipikoak diren eta eskaera handia duten hamasei elikagairen prezioen portaera aztertzen Estatuko hainbat hiritako udal merkatu, supermerkatu eta hipermerkatutan, horien artean Bilbokoak.

Gabonetako saski hori osatzen duten produktuak honakoak dira: esneko arkumea, txahal-biribila, pularda, indioilarra, gizentzeko urdaiazpiko iberikoa, lonbarda aza, anana, granada, bisigua, akuikulturako lupia, legatza, angulak, otarrainxka egosiak, lanpernak galiziarrak, txirlak eta ostrak.

Azterlanaren hirugarren fasearen emaitzen arabera, eta azaroaren 25ean zuten prezioarekin alderatuta, horietako hamahiru produktu garestitu egin dira eta hiru, berriz, merkatu.

Horrela, lanpernak dira gehien garestitu direnak (%78,4), ondoren txirlak (%53,1), legatza (%32,8) eta angulak (%13,9).