Arabako Aldundiak 6,2 milioi euro inbertituko ditu tamaina handiko hondakinak kudeatzeko
Tamaina handiko hondakinak kudeatzea, konpontzea eta berrerabiltzea. Hori da Arabako Aldundiak Jundizen eraikiko duen zentro berriaren helburua. Horretarako 6,2 milioi euro inbertituko ditu eta lanak hamabi hilabetetan amaitzea espero du.
Arabako Aldundiak tamaina handiko hondakinak kudeatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko zentroa eraikitzeko lanak kontratatzeko tramitazioari ekin dio, Gobernu Kontseiluak aste honetan proiektua behin betiko onetsi ondoren. Zentroa eraikitzeko aurrekontua 6.235.021,65 eurokoa da eta hamabi hilabeteko epea izango da lanak gauzatzeko.
Aldundiaren arabera, «ekonomia zirkularraren egungo politikekin bat etorriz, helburua da zentroa berrerabileraren arloko erreferente izatea, herritarrek baztertutako produktuak biltzeko eta, produktu horiek bigarren bizitza baterako berreskuratzearen bideragarritasunari buruzko lehen diagnostikoa egin ondoren, konpondu eta salgai jartzeko».
Lanpostuak sortuko dira
Horri guztiari esker, diagnostikoarekin, konponketarekin, prest jartzearekin, salmentarekin eta jarduera ekonomiko berriekin lotutako lanpostu berriak sortu ahal izango dira, Aldundiaren arabera.
Zentro berria Jundizko industriagunean dagoen Gasteizko konpostaje instalazioaren ondoan egongo da. Espazioak arabar guztiei emango die zerbitzua. Gainera, lotuta egongo da Arabako garbiguneen sarearekin eta bigarren bizitzarako gelekin.
Inbertsioaren zergatia da «Arabako hondakinen kudeaketa hobetu eta baliabideen kudeaketa jasangarri bihurtu behar dela, ingurumen kalitatea babestu, zaindu eta hobetzera bideratuta».
«Giza osasuna babesteaz gain, natura baliabideen erabilera zuhurra, efizientea eta arrazionala bermatu behar du, bai eta ere ekonomia zirkularraren printzipioak sustatu, energia berriztagarrien erabilera hobetuz, energia eraginkortasuna handitu eta aukera ekonomiko berriak sortu, epe luzera lehiakortasunari laguntzeko», adierazi du Aldundiak.
Europar Batasunak finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren 1.850.000 euroko diru laguntza jaso da instalazioa eraikitzeko, EAEn hondakinen araudia ezartzen eta ekonomia zirkularra sustatzen laguntzeko estrategiaren baitan.