INFO

Etxe barrukoa ez, Barakaldokoa «indarkeria matxista» dela dio Emakundek, Ertzaintza gezurtatuz

Ertzaintzak bazekien ama hiltzeaz akusatutako Barakaldoko gizonak tratu txarrak ematen zizkiola 84 urteko andreari, baita genero indarkeriagatik aurrekariak zituela ere. Hala ere, «etxe barruko indarkeria» gisa ari da ikertzen kasua. Epaileak espetxera bidali du gizona.

Barakaldon astearte honetan eginiko protesta elkarretaratzea. (Mikel Martinez de Trespuentes | Foku)

Pasa den ostiralean ama hiltzeaz akusatutako Barakaldoko 64 urteko gizona espetxera bidali du igande honetan epaileak, deklarazioa hartu ondotik. Akusatuak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik, eta amak bere kontrako salaketarik jarri ez bazuen ere, Ertzaintzak bazekien tratu txarrak ematen zizkiola amari ere, bizilagunek abisua emana zutelako. Hala ere, «etxe barruko indarkeria» gisa ari da kasua ikertzen, eta Emakundek argi esan du Barakaldokoa «indarkeria matxistako» kasu berri bat dela, ez dela zalantzarik, eta, beraz, irizpide horren baitan ikertu beharko litzatekeela gertatutakoa.

«Familiaren testuinguruan kokatzen da indarkeria mota hau, baina baita botere harremanen eta emakume eta gizonen arteko berdintasun ezaren testuinguruan», adierazi du erakunde honetako zuzendariak, Miren Elgarrestak.

Elgarrestaren hitzetan, Barakaldoko krimenak indarkeria matxistaren «gogortasuna eta konplexutasuna» erakusten ditu, baita «harreman ezberdinetara egokitu eta transmititzeko duen gaitasuna» ere.

Emakundek zehaztu duenez, beraz, krimenaren egilea biktimaren semea izatea ez da bateraezina indarkeria matxistarekin, alderantziz: EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legeak indarkeria matxistaren atalean jasotzen du bortizkeria mota hau. Zehazki, hala dio indarkeria matxistaren legezko definizioak: «Emakumeen aurka, haurrak, nerabeak eta emakume transexualak barne, emakume izateagatik, egiten den indarkeria oro barne hartzen du». Hurrengo atalean, halaber, «familia barruko indarkeria» aipatzen du biolentzia mota honek har ditzakeen forma anitzen barruan.

Lege horrek berak, gainera, Poliziak indarkeria matxistako kasuen aurrean izan beharko lukeen jarrerari buruzko zenbait argibide ematen ditu. Aipatzen du, Barakaldoko biktimen kasuan bezala, salaketarik edo erasotzailearen kontrako epairik ez dagoen kasuetan ere, «indarkeria izateko arriskua» antzematen bada, «beharrezkotzat jotzen diren babes-neurriak» xedatu behar direla. Barakaldoko kasuan, neurri horiek eskuragarri izateko arrazoi bikoitza zuen Ertzaintzak: erasotzailearen aurrekariak eta bizilagunek aurretik emandako abisuak, biktimaren etxean indarkeria zantzuak antzeman zituztela ohartaraziz.

Legeak, horrez gain, Ertzaintza derrigortzen du indarkeria matxistaren protokoloak aldian-aldian berritzera, kontuan izanda bortizkeria honen «adierazpen guztiak» eta «genero ikuspegia» aplikatuta. Ez dirudi kasu honetan genero ikuspegia aplikatzen ari denik, ostiraletik igandera bitartean publiko egin dituen ohar guztietan «etxe barruko indarkeria» gisa hartu baitu.

Pasa den ostiralean, 16.30ak aldera, Barakaldoko etxebizitza batean andre bat hilik egon zitekeela zioen abisua jaso zuen Ertzaintzak, «aurretik eztabaida eta oihu gogorrak» entzun zirela. 84 urteko ama hiltzeaz akusatutako gizona egun horretan atxilotu zuten, Arrandi kaleko etxean bere amaren gorpua antzeman ostean. Igande honetan deklaratu du Barakaldoko 1 zenbakiko epaitegian eta espetxera sartzea erabaki du epaileak.

Elkarretaratzeak

Egiaz, Ertzaintza da azken krimenari indarkeria matxistaren baitako trataera eman ez dion erakunde bakarretakoa. Ostiralean «hilketa matxista» gaitzetsi zuten hainbat erakundek, besteak beste, Eudelek, Bizkaiko Aldundiak eta Barakaldoko Udalak. Azken honek deituta, elkarretaratzea egin zuten herrian larunbat arratsaldean, baina ez zen protestara batu Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxea. Talde honek este elkarretaratze bat egin du astearte honetan 18.30ean Bide Onera plazan, bi lelo hauek erakutsiz: ‘Erasorik ez erantzunik gabe’ eta ‘Indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu’.

«Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak nola garatzen ari diren sakonki berraztertzeko» beharra aipatu du Argitanek ekimen honetan. Eta honekin batera, «baliabideak, neurriak eta beharrezko aldaketak» areagotzea eskatu du, benetan eraginkorrak izan daitezen eta ez «marketing instituzional hutsa».

Bere aldetik, han-hemenka elkarretaratzeak burutu ditu Emakumeen Mundu Martxak hilketa hau salatzeko, hiriburuetan zein beste zenbait herritan ere.