Gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimenak erregistratu dituzte parlamentuetan
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk gutxieneko soldata propio baten aldeko Herri Ekimen Legegileak erregistratu dituzte Gasteiz eta Nafarroako parlamentuetan.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) «propio» baten aldeko Herri Ekimen Legegileak erregistratu dituzte Gasteizko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala islatuko duen LGS berria «burujabetzaren aldeko aurrerapausoa» izango litzatekeela uste dute.
Sindikatuok ohar batean azaldu dutenez, gutxieneko soldat propioa finkatuko duen Lanbidearteko Akordioa eta bertako erakundeek gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena izatea helburu duen Herri Ekimen Legegilea «bide osagarriak» direla ulertzen dute, eta horregatik bi bide horiek batera lantzearen alde egiten dute.
Elkarlan horren lehen urratsa asteazken honetan Gasteiz eta Nafarroako parlamentuetan Herri Ekimen Legegile bana erregistratzea izan da, «Hego Euskal Herriko administrazioek legezko gutxieneko soldata arautzeko aukera eska dezaten».
«Gutxieneko soldata ezartzeak langileentzat babes dimentsioa du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen baita. Gutxieneko soldatak, gainera, soldaten nahikotasun maila bat ekarri behar du orokorrean», adierazi dute sindikatuok.
Horrekin batera, «politika sozial eta ekonomikorako tresna» den heinean, gutxieneko soldata «aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa» ere badela nabarmendu dute, «pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizten duena eta legezko lan baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena».
Sindikatu hauen arabera, Hego Euskal Herrirako LGSaren zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina «argi» daukate espainiar Estatuan finkatutakoa «Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun» geratzen dela.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk nabarmendu dutenez, gutxieneko soldatak «lurralde dimentsio argia» ere badu. «Hego Euskal Herriko gizarte, kultura, sindikatu eta politika sarea beste lurraldeetakoen aldean ezberdina da, bai osaerari bai ereduari dagokienez», eta horregatik LGS propioak «euskal gizarteak behin eta berriz hauteskunde sindikaletan edo mobilizazio gaitasunean erakusten duen borondate berezituari erantzun behar dio».
Zentzu horretan, erantsi dute, Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala islatuko duen LGS berria «burujabetzaren aldeko aurrerapausoa ere izango litzateke, lan harremanetarako euskal esparrua eratzeko aurrerapausoa, gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko dituena aberastasunaren banaketa justuago baten bidez».
Lakuak lanbide arteko akordiora deitu du
Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak errespetua adierazi dio sindikatuek aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari, baina adierazi du autonomia erkidegoan «hitzarmeneko gutxieneko soldata» lortzeko bidea lanbide arteko akordioa dela, EAEk ez duelako hori finkatzeko eskumenik, «oinarrizko legedia» delako.
Azaldu duenez, Lakuako Gobernuaren «konpromiso politiko irmoa» dago eragile sozialen (patronala eta sindikatuak) arteko lanbide arteko akordioa lortzeko baldintzak sortzeko. «Negoziazio mahai batean baldintza horiek euren artean eman beharko dira», gaineratu du.
EH Bildu: «Burujabetza ariketa»
EH Bilduk ongietorria eman die Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko sindikatuek aurkeztutako ekimen legegileei. Pello Otxandianok eta Laura Aznalek modu positiboan baloratzen dute iniziatiba, «herri-akordio garrantzitsu bat lortzeko aukera paregabea dela iritzita».
«Burujabetza ariketa» dela gaineratu dute, «Euskal Herriaren baldintza ekonomiko eta sozialak probesten baititu langileriaren bizi baldintzak hobetzeko norabidean».
«Garai ekonomiko ezegonkorra bizitzen ari gara mundu globalean. Urteetako politika neoliberalen ondorioak somatzen dira eta hauek sortutako gizarte arrakala eta desberdinkeriak gero eta nabariagoak dira. Euskal Herrian ez gaude etorkizun ziurgabe horretatik salbu. Alta, ikusten ari gara nola jada hemengo lantegi eta enpresa ezberdinetan ematen ari diren enplegu murrizketak eta asko kezkatzen gaituzten ixteko asmoak. Ezegonkortasunak eta ziurgabetasunak modu larrian kolpatzen du langileria, beren bizi eta lan baldintzetan inpaktu zuzena baitauka. Honenbestez, langile klasea eta honen lan eta bizi baldintzak babesteko ahalegin bikoitza egitea dagokie instituzioei», azaldu dute.