INFO

Independentziaren aurkako Alcide Ponga, Kaledonia Berriko presidente berria

‘Calédonie ensemble’ zentro-eskuineko alderdia Kaledonia Berriko Gobernutik atera zen abenduan eta Louis Mapou presidente independentistaren erorketa eragin zuen. Aste honetan, Gobernu berriak independentziaren aurkako Le Rassemblement-Les Républicains-eko Alcide Ponga aukeratu du presidente gisa.

Alcide Ponga, Kaledonia Berriko presidente berria. (Delphine MAYEUR | AFP)

Kanakyko Gobernu berriak Le Rassemblement-Les Républicains alderdiko Alcide Ponga aukeratu du presidente gisa. Asteartean huts egin zuen lehen saiakera baten ondoren, Kaledonia Berriko gobernuko 11 kideak berriro bildu dira asteazken honetan eta independentziaren aurkako Pongaren aldeko sei boto biltzea lortu dute. Samuel Hnepeunek bost boto independentistetatik hiru lortu ditu.

Ponga, 49 urtekoa, familia kanak batekoa da. Zientzia politikoetan graduatua, meatzaritzan garatu du bere karrera. Gaur egun, sektore horrek zailtasun handiak ditu, baina artxipelagoko enplegu pribatuaren sortzaile nagusia izaten jarraitzen du. 2014tik Kouaoua meatze-komunako alkatea da, eta 2024ko apiriletik Le Rassemblement alderdiko presidentea.

Louis Mapou independentista ordezkatuko du Pongak. Abenduaren 24an Calédonie Ensemble zentro-eskuineko alderdiak Gobernua utzi zuen eta Exekutibo osoaren erorketa eragin zuen.

2018 eta 2021 artean egindako hiru erreferendumek ez zuten egonkortasuna ekarri Kaledonia Berrira eta 2024ko maiatzean hasitako istiluen irudiak mundu osora zabaldu ziren. Abiarazlea Gobernuak bultzatutako frantziar Estatuko Konstituzioa aldatzeko proiektu bat izan zen, Kaledonia Berrian errolda zabaltzeko eta horrela kanakiarrek erabakiak hartzeko orduan duten garrantzia are gehiago murriztuz. Irailean, 24 eta 31 urteko bi gizonezko hil zituen Poliziak ndependentisten protesta baten aurka egin zuen operazioan.

Kaledonia Berriak ez du soilik munduko bigarren nikel ekoizpen handiena. Ezinbesteko pieza da frantziar Estatuak Pazifikoan jokatu nahi duen rolean ere, munduko ordena politikoa harantz lerrokatu dela jakitun.