Mari Salvesen izan da trad estiloko ‘The Zone’ igotzen lehen emakumea
John Arranek 1998. urtean Peak Dictrict-en (Ingalaterra) sortu zuen bide horrek soilik hamar igoera ditu. E9 6c zailtasuna du, eta eskalada babesteko gakoak erabiltzen dira. Norvegiarrak dio teknikoki ez dela zaila; bai, ordea, arriskutsua.
Mari Salvesenek trad estiloarekin lotutako hainbat adar oso gustuko ditu. Eskalatzaile norvegiarra, adibidez, ikusi dugu 8b eta 8c mailako artesiak kateatzen. Horietan guztietan argi utzi du bikain moldatzen dela, baina ez da soilik estilo horretara mugatzen. Plaka oso teknikoetan zein arriskutsuetan gogor estutzea ere badaki zer den. Finean, Salvesenen DNA eskalada tradizionalean erabat txertatuta dago.
Duela aste batzuk, iaz zintzilik utzitako helburu batera itzuli zen. Xede hori ez zuen etxetik gertu: Ingalaterran sona handia duen Peak District-en. Hain zuzen ere, Curbar Edge izeneko alderdian dagoen ‘The Zone’ izan da biribildu berri duen ibilbidea. Marra honi dagokionez, aurreratu behar dugu John Arran historikoak 1998an sortu zuela. Hango eskaladan E9 6c da. Beste era batera esanda, gure eskalan zailtasun teknikoa ez da 8a mailara heltzen. Alabaina, balizko eroriko oso arriskutsuak ditu. Gogoratu behar da hainbat tarte gakoekin babestu behar direla. Ziur asko horregatik azken hogeita zazpi urteotan ‘The Zone’-k hamar igoera baino ez ditu izan. Azkena, Salvesenek sinatutakoa.
Eskalatzaile norvegiarrak bide hori iazko neguan probatu zuen lehen aldiz. Onartu du ez zitzaiola batere erakargarria iruditu, baina bere kide Pete Whitakerrek animatu zuen ekinaldiren bat edo beste egitera. Lehen saioetan ez zen batere baldar ibili, eta mugimendu batzuk erraz gainditu zituen. Horretaz gain, eguraldiak asko lagundu zion: tenperatura hotza eta eguraldi lehorra.
Egun jakin batzuetan bazirudien norvegiarrak oso azkar kateatuko zuela ‘The Zone’. Baina maiz gertatzen den bezala, erabat blokeatu zen. Gainera, bero hasten hasi zenez, Salvesenek erabaki zuen proiektu hori bertan behera uztea.
Lehen emakumea
Joan diren gabonetako oporretan, berriz, eskalatzailea berriro itzuli zen Ingalaterrara. Opor horiek, jakina, baliatu zituen ‘The Zone’-n ekinaldi berriak egiteko. Xede horretarako aholkatu zioten entrenamendu espezifikoak egin zitzala, eta Salveseni onartu behar zaio sasoiko itzuli zela trad estiloko marra horretara.
Nahiz eta bigarren bisita horretan mugimendu batzuk askoz ere samurragoak iruditu zitzaizkion, lehen saioetan norvegiarrak ezin izan zituen denak lotu eta bidearen amaierara erorikorik gabe iritsi. Pixkanaka eraginkorragoa izan zen eta, oso tarte txikian, ‘The Zone’-n arrakasta izan zuen. Salvesenena lehen igoera femeninoa da.
Bestalde, protagonista honek adierazi du ibilbide horrek bi zati ezberdin dituela eta bigarrena proiektu horren giltza izan dela. Lehenbizikoan, adibidez, bere burua gakoekin babestu behar izan zuen. Sekzio arriskutsu horren inguruan, Salvesenek dio hasieran boulderreko mugimendu batzuk gainditu behar direla: «Lurretik metro batzuetara zaude, eta gakoak jartzea ezinbestekoa da. Altuera horrek deseroso sentiarazi ninduen; horregatik lurrean hainbat koltxoneta jarri nituen balizko erorikoak babesteko. Eskalatzaile batzuek gako horiek aldez aurretik jartzen dituzte; nik, ordea ez. Igotzen ari nintzen bitartean txertatu nituen».
Ibilbidearen bigarren zatia, aldiz, oso ezberdina da. Plaka bat atzean utzi eta ertz zorrotz bat gainditu behar da. Norvegiarrak baieztatu du ‘The Zone’-ren giltza dela: «Helduleku on bat hartu arte, eskalada oso teknikoa da. Ondoren, mugimendu arriskutsu batzuk daude. Horiek eskalatu ondoren, azken zatia askoz ere errazagoa da, baina eskuarki heze egoten da».
‘The Zone’ erorikorik gabe eskalatu ondoren, onartu du zaila egiten zaiola marra horrek duen zailtasunaren inguruan iritzi argi bat ematea: «Teknikoki ez da oso zaila; nire aburuz, 7c+ maila izango du. Nire kide Petek iradoki du E8 dela. Indartsu bazaude, uste dut teknikoki bide horrek ez dizula buruhauste handirik emango. Baina arriskuaren faktorea beste kontu bat da. Nik lau gako jarri nituen, eta ziur naiz balizko eroriko batek oso-oso arriskutsua izan behar duela. Goiko sekziotik erortzen bazara, zorua ia ukituko duzu».