Bilbo eta Gasteiz arteko autobus bidaiak %20 merkeagoak izango dira
Bilbo-Gasteiz autobus bidezko garraioaren emakida bateratu berriak egungoak baino % 20 tarifa merkeagoa izango du. Arabako hiriburuaren eta Forondako eta Loiuko aireportuen arteko linea berri bat ere izango du 2025eko erdialderako.
Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek iragarri dutenez, autobus bidezko garraioaren emakida bateratu berriarekin, Bat, Barik eta Mugi txartelak sartuko ditu ordainbide gisa, prezioak merketuko dira eta erabiltzaileen eskura jarriko ditu hileroko, hiruhileroko eta urteko bonuak.
Zerbitzua La Unión enpresari esleitu zaio hamar urterako. Sei linea izango ditu, bost oraingo lineen berrantolaketatik eta berria aireportuetara.
Gasteiz eta Bilbo arteko bidai-txartel arrunta egungoa baino %19,8 merkeagoa izango da, 7,45 eurotik 5,98 eurora igaroko baita. Bat, Barik eta Mugi txartelekin ordainduz gero, prezioa 4,78 eurokoa izango da.
Ohiko bidaiarientzako bonuak egongo dira, txartel arruntaren prezioaren gaineko % 25eko gutxieneko deskontuarekin, eta 26 urte arteko gazteentzat % 30ekoarekin. Hilekoak, hiruhilekoak eta urtekoak izango dira.
Ordutegi batzuk aldatuko dira maiztasun iraunkorragoa eskaintzeko eta zerbitzua eguneko azken orduetara luzatuko da, batez ere ostiral eta larunbatetan: egunero 23.00etan bi noranzkoetan, eta ostiral eta larunbatetan 00.00etan.
Gainera, autobus berriak egongo dira: eserlekuen artean leku gehiago, bideozaintzako kamerak maletategian, wifia, USB kargagailuak eta segurtasun-sistema berriak, besteak beste.
Foronda eta Loiura linea berria
Gainera, emakida berriak 2025 urtearen erdialdetik aurrera linea berri bat izango du Gasteiz eta Forondako eta Loiuko aireportuen artean.
Aireportuetarako zuzeneko zerbitzu hau Gasteizko erdigunetik abiatuko da, eta geltokiak izango ditu Forondan, Boluetan (Bilbo), eta Loiun. Forondako eta Boluetako geltokiak aldez aurretik erreserbatuta baino ez dira izango. Linea honek 15 euroko tarifa finko berezia izango du, «bere berezitasunagatik».
Egunero 9 zerbitzu egongo dira noranzko bakoitzeko iraila eta ekaina bitartean, eta 13 udako hilabeteetan.