Iruñeko haur eskoletako euskarazko plazak hizkuntza bakarreko zentroetan izatea eskatu du LABek
LABek «positibotzat» jo du Iruñeko udal haur-eskoletako euskarazko plazak zabaldu izana, baina eskola mistoen eredua gaitzetsi du. hizkuntza bakarreko zentroak eskatu ditu sindikatuak: «hizkuntza bat eskuratzeko, murgiltze osoa ezinbestekoa da».
Iruñeko udal haur-eskoletan euskarazko plazen eskaintza zabalduko da. Plaza berriak eskola mistoetan eskainiko dira, non euskarazko eta gaztelaniazko lerroak elkarrekin biziko diren. LABek uste du neurri honek Iruñeko familia gehiagori aukera emango diela seme-alabak euskaraz matrikulatzeko, eta zentzu horretan «positibotzat» jo du. Hala ere, sindikatua ez dago ados plaza hauek eskola mistoetan eskaintzearekin.
LABek hizkuntza bakarreko eskola-eredua defendatzen du, eta hala jakinarazi die Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoei. «Eredu honek antolaketa pedagogiko hobea ahalbidetzen du, haurrak adin-tarte txikien arabera biltzen direlako, haien beharren arabera garapen egokiagoa bermatuz. Gainera, hizkuntza bat eskuratzeko, murgiltze osoa ezinbestekoa da; hau da, ingurune pedagogikoan hizkuntza hori bakarrik entzun eta erabili behar da», argudiatu du.
Euskararen kasuan, ikaskuntza bermatzeko murgiltze linguistikoa «funtsezkotzat» jo du sindikatu abertzaleak. «Eredu mistoetan, non hainbat hizkuntza erabiltzen diren, errealitateak erakusten du gaztelania nagusitzen dela eguneroko bizitzan, eta horrek zaildu egiten du euskararen eskuratzea. Horrez gain, eredu horrek barne tentsioak sor ditzake lan-taldeetan», azaldu du LABek, hizkuntza bakarreko zentroen kudeaketa «askoz ere eraginkorragoa» dela iritzita.
«Eskola mistoetan, antolaketa zailagoa da, bi irekitze eta bi ixte egin behar direlako, eta hizkuntza ezberdinetako taldeek ezin dituztelako espazio komunak partekatu, zentroaren eraginkortasuna mugatuz. Gainera, eredu horrek gastu ekonomiko handiagoa dakar eguneroko kudeaketan, zentroen funtzionamendurako aurrekontuak areagotuz», gaineratu du.