INFO

EH Bilduko Hego Euskal Herriko Idazkaritzek bilkideen babes zabala jaso dute

EH Bilduren III. Kongresuaren baitan Hego Euskal Herriko Idazkaritzak berritu dituzte. Kongresuan bi ganberako zuzendaritza-sistemaren alde egin dute: Mahai Politikoa eta Idazkaritza izango ditu herrialde bakoitzak. Kasu guztietan, %90etik gorako babesa jaso dute proposamenek.

EH Bilduko Arabako Idazkaritzako kideak. (EH BILDU ARABA)

Larunbat eguerdiarekin batera amaitu da EH Bilduko Hego Euskal Herriko Idazkaritzetarako bozkatzeko epea. Araba izan da erabakiaren berri ematen lehena: oinarriak Arabako Mahai Politikoak egindako proposamena berretsi du eta, beraz, Ibon San Saturnino Murua izango da Arabako arduradun politikoa eta berarekin batera, Xabier Goikuria Oiarbide Politika Instituzionaleko arduraduna izango da, Andrea Ferrer Izar de Lafuente Eraketa arduraduna, Unai Gotxi Kastrexana Udalgintza arduraduna eta Rebeka Mtz, de Compañon Remirez Komunikazio arduraduna.

Eva Lopez de Arroyabek eta Gasteizko hiriburuko arduradun politikoak osatuko dute Idazkaritza. Lehena berezko kidea da Arabako batzar Nagusietako bozeramailea delako eta bigarrena bilkideek hautatuko dute prozesu propioa egiten denean.

Bestalde, III Kongresuan onartutako Ponentzian eta Estatutuetan ezartzen denez, Herrialdeko idazkaritza izango da zuzendaritza organoa baina herrialdeko bilkideek hala erabakitzen badute, Herrialdeko Mahai Politikoa eratu ahal izango dute. Eta proposamen hori ere bozkatua izan da azken hiru egunetan eta bilkideen %95aren babesa jaso du.

Hortaz, Arabak bi ganberako zuzendaritza eredu baten apustua egin du. Datozen asteotan abian jarriko da Arabako Mahai Politikoa osatzeko prozesua eta orduan Gasteizko arduraduna ere hautatuko da.

Nafarroan ere, %95eko babesa

Nafarroa Garaiko Idazkaritza eta Mahai Politikoa ere berritu dituzte bilkideek, martxoaren 13tik eta 15a bitartean egin den bozketa prozesuan: %95,35eko babesa jaso du, Nafarroa Garaiko Mahai Politikoaren abalarekin, Miren Zabaleta arduradun politikoak Idazkaritzarako egindako hautagaitzak.

Modu honetara, Zabaletarekin batera, honakoek osatuko dute Idazkaritza: berezko kide den parlamentuko taldeko bozeramaile Laura Aznal Sagasti; dagokion erabaki esparru eta moduei jarraiki izendatuko den Iruñeko arduradun politikoa; eta hautatu berri diren Haritz Romeo Galdeano Eraketa arduraduna, Tomas Azpiroz Alkoz Politika Instituzionaleko arduraduna, Lola Eslava Serrano Udalgintza arduraduna eta Lohizune Amatria Zabalza Komunikazio arduraduna. Zabaleta %95,38ko babesarekin izendatu zuten bilkideek Nafarroako Arduradun Politiko, joan den otsailaren 8an Baluarten egindako ekitaldi politikoan.

Idazkaritzaren berritzearekin batera, Nafarroa Garaiko Mahai Politikoaren osaketa berria zehaztu dute, gainera, bilkideek. Izan ere, III. Kongresuan finkatu duen bi ganberako zuzendaritza-sistema izango du EH Bilduk Nafarroa Garaian ere: Mahai Politikoa eta Idazkaritza.

Hamalau pertsonek osatuko dute Mahai Politikoa, idazkaritzako kideez gainera, beren arduren ondorioz kide diren honakoek: Parlamentuko taldeko bozeramaile ondoko Adolfo Araiz Flamarique, Madrilgo Kongresuko Nafarroako diputatu Bel Pozueta Fernández, Nafarroako talde parlamentarioko koordinatzaile politiko Arantxa Izurdiaga Osinaga, Iruñeko udal taldeko koordinatzaile politiko Garbiñe Bueno Zabalza, Sortuko ordezkari Lur Albizu Etxetxipia eta Eusko Alkartasunako ordezkari Xebe Txoperena Matxikote. Berezko kidea izango da ere Nafarroa Garaiko Arduradun politikoaren ondokoa, hark izendatuko duena.

Bizkaian eta Gipuzkoan ere, babes zabala

Bizkaian, %93,5ekin egin du aurrera mahai gainean zegoen proposamenak eta, horrenbestez, Nahia Sanz izango da arduradun politikoa, Iker Casanova Batzar Nagusietako bozeramailea eta Idazkaritzan Izaskun Duque Politika Instituzionalerako arduraduna, Oscar Lorenzo Udalgintzakoa, Mikel Totorika Eraketakoa eta Kepa Petralanda Komunikazio arduraduna.

Gipuzkoan ere babes zabalerakin egin du aurrera proposamenak, Idazkaritzak bilkideen %96,12ren babesa jaso baitu eta Gipuzkoako Mahai Politikoa osatzearen alde azaldu da %92,88. Hortaz, Nekane Zinkunegi arduradun politikoarekin eta Maddalen Iriarte Batzar Nagusietako bozeramailerarekin batera, Idazkaritza osatuko dute Zelai Amenabarrok Politika instituzionaleko arduradun gisa, Jon Zuluetak Udalgintzako arduradun bezala, Lore Agirrek Eraketan eta, azkenik, Saioa Rodriguezek Komunikazio arduradun gisa.