\r\n
Txaloka elkarrekin PPkoak, PSOEkoak, Ciudadanosekoak... eta baita jeltzaleak ere. Estatu egituraz eta hauen baitako alderdiez hitz egitean gogoan gordetzeko irudia, zalantzarik gabe. Hau dena zergatik? Asteon NAIZen gehien ikusi den bideo honetan jasotako hitz hartzeagatik. Gabriel Rufian kataluniarra, berriz, egia borobilekin eserita eroso direnak aztoratuz:
\r\nEmaitza badakizue, Mariano Rajoy berriz ere presidente eta PSOE makulu behar denerako...
\r\nHara begira baino bertatik bertara bide berriak jorratu asmoz Zohardia ponentziari heldu eta Sortu gidatu asmo duen lan talde berria ezagutarazi berri dute. Bertan dira Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto, besteak beste.
\r\nHari berari tiraka, \u2018Inurritegia\u2019 prozesuari ekin dio Ernaik, apirilean amaituko den kongresu prozesua. \u00abGaraipenaren belaunaldia gara\u00bb esanez ekin diote, erresistentziatik eraikuntzara jauzi egin eta honi loturiko epika propio bat eraikitzeko gaitasunaz sinetsita.
\r\n\r\n...eta harriak poltsiko zulatuetan besterik ez genituela uste genuen honetan, Joseba Sarrionandiaren berri izan dugu berriz. Habanan, Kuban, bertako unibertsitateak eta Etxepare Institutuak sinatutako lankidetza baten ondorioz Euskara eta Euskal Kultura irakurletza zuzenduko duela jakin baitugu.
\r\n\r\nEz da zalantzarik berri onek ez dutela tragedia estaltzen. Ohean hil zen Franco diktadorea eta ohore, lausengu eta diru-zorroa barra-barra hilko dira haren oinordekoak ere... martxa honetan. Luhuson \u2018Francoren bilobari gutuna\u2019 antzezlanaren estreinaldian egoteko aukera izan nuen eta uste dut, Igor Elortzak eta Unai Iturriagak idatzi, Ximun Fuchesk zuzendu eta Artedramak, Le Petit Th\u00e9\u00e2tre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiak taulara eraman duten lana ezin egokiagoa dela non gauden ulertzeko. Gogorra da atzera begirakoa, batzutan eman ez arren... eszena berean negar egin nuen atzeko planoari begira, lehen planoan gertatzen ari zenarekin ondokoak barrez ari zirelarik. Herriz herriko bira abiatu dute...
\r\nAsteon gainera urtea bete da Donostiako Kortxoenea eraitsi zutenetik. Bizia eta bizi-poza ziren lekuan hutsa eta ezereza uzteko... Oraindik garaiz zaudete naiz.eus/kortxoenean eraikin honen istorioa dakarren dokumentala ikusteko (igandera arte).
\r\n...eta asteon jakin dugu Ryanair-ek ez dakiela Gasteiz non dagoen, bertatik lanean hasiko bada ere berriz, eta bideo labur bidez azaldu digute aldaketa bizkorrik ezean gobernatuko gaituzten CETA eta TAFTA edo TTIP delakoa zer diren, Confebask haserretu arren behin-behineko kontratua zutenek ere jo dezaketela epaitegietara dagokien diru ordainaren bila, gure nerabezaroan zoratu gintuen Trainpotting-en 2. saioa ere badatorrela eta Iru\u00f1ean \u00abBlack lives matter\u00bb idatzita kalera irten arren gehiegirentzat gutxiegi balio duela batzuen bizitzak...
\n