@gara_augarte
DONOSTIA

Erabakitzeko eskubidearen aldarriak milaka esku elkartuko ditu Iruñea eta Durango artean

Milaka eta milaka herritarrek, milaka eta milaka eskuk elkarri lotuta, aldarrikapen ozena zabalduko dute lau haizetara Durangotik Iruñera: Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea. Gure Esku Dago dinamikaren aurreikuspen guztiak gaindituta iritsi da ekainaren 8a. Azken egunotako eskaera uholdea eta aurretik izena emanda zirenen kopurua –100.000 baino gehiago– aintzat hartuta, inork ez du zalantzarik ekainaren 8a historikoa izango dela eta inflexio puntua markatuko duela. Diasporako euskaldunen bidez, aldarrikapena mundu osora hedatuko da.

Giza katearen entsegua egin zuten Irun eta Hendaia artean maiatzaren 31n. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Giza katearen entsegua egin zuten Irun eta Hendaia artean maiatzaren 31n. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Gure Esku Dago dinamikak antolatutako giza kateak milaka eta milaka lagun elkartuko ditu Durango eta Iruñea lotzen dituzten 123 kilometroetan, herriz herri, eskuak elkarri lotuta, erabakitzeko eskubidearen alde, «herri bat garelako, herritarren garaia delako eta erabakitzeko eskubidea daukagulako». Horrexegatik, hain zuzen ere, alderdi, sigla eta ideologien gainetik, herritar anonimoak izango dira protagonista, Euskal Herrian sekula izan den mobilizazio handienetakoa aurreikusten dena posible egin dutenak.

Antolatzaileek ostiralean jakinarazi zutenez, 100.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena giza katean parte hartzeko, baina azken egunetan itxi egin behar izan zuten metroa sarean erosteko aukera, eskaera uholdeak gainezka egin baitzien. Horregatik, metroa dagoeneko eskuratua dutenez gain, oraindik ere jende gehiago espero dute. Azken orduko horiek ibilbidean zehar kilometroz kilometro metroa eskuratzeko aukera izango dute, horretarako propio ezarritako guneetan.

Ekimenaren unerik gorenena 12.00etatik 12.30era izango da, ordu horretan katebegi guztiek bat egingo dute 123 kilometroko giza katea osatzeko. Nolanahi ere, erronkaren tamaina kontuan hartuta eta dena ongi atera dadin, parte-hartzaileek gutxienez bi ordu lehenago beharko dute dagokien tokian, antolakuntzak hala eskatuta. 10.00etatik 12.00etara animazioa izango dute lagun, itxaronaldia arintzeko.

Behin giza katea bukatu ondoren, Etxarrin, Durangon, Bergaran, Iruñean eta Lazkaon ekitaldiak egingo dituzte 14.00etatik aurrera, eta horiek bukatu ostean ospakizunen txanda izango da. Antolatzaileek egitarau oparoa prestatu dituzte herri horietan arratsalde osorako.

Diasporan ere bai

Giza katearen argazki nagusia Euskal Herrian aterako bada ere, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena mundu osora zabalduko da diasporako euskaldunen bidez. Mexiko, Buenos Aires, Boise, San Frantzisko, Zeelanda Berria, Sidney, Nueva York eta beste hiri askotan egingo dituzten giza kateen bidez mundu osoko euskal herritarrak «konektatu» egingo dira, eskaera eta ilusio berberaren inguruan.

«Prozesua ez da ekainaren 8an bukatzen»

Anjel Oiarbide Gure Esku Dago ekimeneko bozeramaileak Infozazpi Irratian nabarmendu zuenez, giza katea inflexio puntua izango da Euskal Herrian, baina «prozesua ez da ekainaren 8an bukatzen». «Jarrera badaukagu, badakigu elkarrekin lan egin dezakegula, herritarrek eragina izan dezaketela mobilizaztzen badira. Giza kate hau errealitate egin duten milaka lagunen lana oinarri hartuta, gure asmoa da udazkenera iristea, beste toki batean elkartzea, atzera begiratu, zer egin dugun ikusi, hausnartu, gozatu, sentitu eta etorkizunera begira jarri, ikusteko ea zer ekar diezaiokeen etorkizuneko euskal gizarteari mugimendu zibil antolatu batek».

«Hau ez da ekainaren 8an bukatzen, hartzen duen inertziarekin hasiko da, indar handiago edo txikiagoarekin, eta gure irudipena da indar handiarekin hasiko dela», erantsi zuen.

Jarraipen berezia

NAIZek jarraipen berezia egingo dio ekimen historiko honi, goizeko lehen ordutik, herri ekimeneko hainbat hedabiderekin batera egingo da, eta bihar GARAk ale berezia aterako du.

Infozazpi Irratiak ere zuzeneko emankizuna egingo du, 10.00etatik 14.00etara, Arrosa sareko irratiekin elkarlanean.