Igandeko hitzordu historikoaren lekuko izan nahi dute NAIZek eta GARAk eta, horretarako, jardunaldian gertatzen den orori jarraipen berezia egingo diote. NAIZek goizeko lehen ordutik ekingo dio lanari, webgunearen bitartez eta sare sozialak baliatuz.
Ibilbidean bertan egongo diren kazetarien laguntzaz, Iruñea, Etxarri, Lazkao, Durango eta Bergarako zuzeneko kontakizunak eskainiko dira, baita tokian tokiko kronikak ere. Argazkiak, bideoak eta sare sozialen bidez izango den jario etengabearen ispilu izango da NAIZ igandean.
GARAk ere erabakitzeko eskubidearen aldeko zitari balio berezia emango dio hurrengo egunean argitaratuko den ale bereziarekin.
Beste hedabideekin elkarlanean
Igandeko hitzorduaren jarraipena herri ekimeneko hainbat hedabiderekin batera egingo da. NAIZ eta GARAz gain, elkarlan horretan dira Info7 irratia, Hamaika Telebista, Berria eta Hitzak, Argia, Ahotsa, Aiaraldea, Anboto, Arrosa irrati sarea, Barren, Goiena, Goierri Telebista, Guaixe, Hitzondo, Librean zuzenekoak, Pil-Pil, Piztu, Tolosaldeko ataria, Tokikomen biltzen diren hedabideak, Topatu eta 25 geltokia.