NAIZ
DONOSTIA

Julen Mujika aske geratu da, kanporatua izan ostean

Julen Mujika euskal presoa aske geratu da, Estatu frantsesetik Espainiaratua izan ostean. Lurralde frantsesean egoteko debekurik ez duenez, Ipar Euskal Herrira itzuli ahal izango da.

Julen Mujika Madrilen, aske geratu ostean. (@EtxeratElkartea)
Julen Mujika Madrilen, aske geratu ostean. (@EtxeratElkartea)

Julen Mujika kanporatu egin dute agintari frantsesek eta goizeko 8.00ak aldera Madrilera iritsi ostean aske geratu da, Etxeratek jakinarazi duenez. Pasaitarra larunbatean atera zen Seysses-eko espetxetik baina Okzitaniako Tolosako prefetak lurralde frantsesa uzteko agindua ezarri zionez erretentzio zentro batera eraman zuten, abokatuak ezarri zuen helegitea aurkeztu bitartean.

Helegitea atzera bota zuten eta prefetaren agindua beteta, Espainiaratu egin dute. Goizeko 6.30ean atera dute erretentzio zentrotik eta Barajasera 8.00ak aldera iritsi da. Hogei bat minutuz izan dute han poliziek eta aske utzi dute.

Mujikak ez du lurralde frantsesean egoteko debekurik eta Nafarroa Beherera itzuli ahal izango da bere familiarekin bizitzera, abokatuak zehaztu duenez.