Julen Mujika larunbatean atera zen Seysses-eko espetxetik baina Okzitaniako Tolosako prefetak lurralde frantsesa uzteko agindu zionez, erretentzio zentro batean sartu zuten. Bere abokatuak helegitea aurkeztu zuen baina ez dute onartu eta, ondorioz, pasaitarrak lurralde frantsesa utzi beharko du. Espainiaratu egingo dutela espero da eta, bien bitartean, erretentzio zentroan atxikiko dute.
Maritxu Paulus Basurko abokatuaren ustez, epaileak hartutako neurria «guztiz zentzugabea da, jakinez bere egoera pertsonala Ipar Euskal Herriari lotua dela».
Atxilotua izan aurretik, Mujika Ipar Euskal Herrian bizi zen eta lan egiten zuen, eta bere neska-lagunak eta semeak hiritartasun frantsesa dute. Lurralde frantsesa uzteko aginduak ez du debekua ekartzen. Gainera, Europako Batasuneko herritarra izaki, bertara itzultzea ezingo zaio debekatu.