NAIZ
BILBO

Ez egiarik ez justiziarik Iñigo Cabacasen heriotzaren hirugarren urteurrena bete denean

Hiru urte bete dira jada Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz Iñigo Cabacas Athletic-zale gaztea hil zenetik. Justizia eta egiaren aldarriak gaurkotasun osoa du oraino, heriotza haren erantzukizunak argitu ez diren seinale. Urteurrenaren harira ekitaldia antolatu du ‘Iñigo Gogoan’ ekimenak larunbaterako.

2012ko apirilaren 9an hil zen Iñigo Cabacas Athleticeko zale gaztea Basurtoko Ospitalean, lau egun koman igaro ostean, Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Orduko hartan, talde zuri-gorriak Schalke 04 alemaniarra mendean hartu eta Europa League-ko finalerdietarako sailkapena lortu zuen. Ospakizunera bideratua zirudien gauak, ordea, inork espero ez zuen bidea hartu zuen.

Ertzaintzaren neurrigabeko oldarraldi baten ondorio izan zen Cabacasen heriotza, GARA eta NAIZek publikatutako audio batzuk agerian uzten duten bezala. San Mames inguruetan hedatuta zeuden ertzainek esku hartzeko arrazoirik ikusten ez bazuten ere, Deustuko polizia-etxetik ‘Ugarteko’-k emaniko aginduei jarraitu izanaren ondorio izan zen pilotakada batek gaztea harrapatu izana.

Jazoera tragedian amaitu izanagatik ere, ez da oraino egia ezagutzen, hau da, ez da argitu nor izan zen pilotakada hura jaurti zuen ertzaina. Ardura juridiko edo politikorik ere ez da zehaztu. ‘Ugarteko’-ren –Iñaki Larrea, GARAk eskuratuko informazioaren arabera– eta Jorge Aldekoaren –Bilboko Ertzain Etxeko arduraduna orduan, Ertzaintzaren zuzendari orokorra ondoren– izenak jarri izan dira mahai gainean, baina ez bata ez bestea ez daude Ana Torres epaileak inputatutako pertsonen artean.

Ostera, bost ertzain daude inputatuta gaur egun. Horietatik hiru unitate bereko ertzainak dira, eta gaur hartan gomazko pilotakadak jaurti zituztela testifikatu zuten. Beste biak Aldekoak diseinatu zuen operatiboaren baitan San Mames inguruan hedatu ziren furgoneta banako arduradunak dira.

Prozesu judizialak, ordea, instrukzio fasean jarraitzen du, ‘Iñigo Gogoan’ ekimenak martxoan eginiko agerraldi batean salatu zuen moduan. Baina, inguruko etxebizitza batetik grabatutako bideo bat gehitu da prozesu judizialera. Haren bidez ertzain bat identifikatu ahal izan dute ustez Cabacas kolpatu zuen pilotakada jaurtitzearen erantzulea delakoan. EAEko Fiskal Nagusia den Juan Calparsorok ere kasuaren instrukzioan «aurrerapen adierazgarriak» eman direla adierazi zuen pasa den larunbatean.

Erakunde ezberdinetako ordezkarien artean jarrera aldaketa bat eman da. Hasieran jazotakoa ezkutatzeko edo egia ez ezagutzeko saiakerak nagusi baziren ere, azken aldian Ertzaintzaren jokaera egokia izan ez zela onartu duten ahotsak entzun ahal izan dira. Horien artean dira Ertzaintzako zuzendari orokorra den Gervasio Gabirondorenak eta Lakuako Segurtasun Saileko kontseilaria den Estefania Beltran de Herediarenak. Lakuako Gobernuko bozeramaile den Josu Erkoreka berak ere instrukzio fasearen «bizkortzea» eskatu du.

Gauzak horrela, eta egia ezagutzeko eta justizia egiteko oraino aukerarik izan ez dela kontuan hartuta, oroitzapenezko ekitaldiak antolatu ditu ‘Iñigo Gogoan’ ekimenak larunbat honetarako. Alde batetik, agerraldia egingo 11.30ean Bilboko Kafe Antzokian eta, bestetik, Maria Diaz de Haro kalean elkartuko dira, 18.00etan, ekitaldia egiteko.