NAIZ
GASTEIZ

PPren ekimena alderdien arteko akordiorako «abiapuntu egokia» izan daitekeela uste du EH Bilduk

Koalizio abertzaleak «prestutasun osoa» adierazi du elkarrizketaren bidetik sentsibilitate guztiak mahai beraren bueltan egon daitezela lortzeko. «Desadostasunak azpimarratu ordez», elkarguneak lehenesteko beharra nabarmendu du Julen Arzuaga legebiltzarkideak eta, ildo horretan, adierazi du PPk aurkeztutako ekimena «abipuntu egokia» izan daitekeela.

Julen Arzuaga, EH Bilduko legebiltzarkidea.
Julen Arzuaga, EH Bilduko legebiltzarkidea.

EH Bilduk «aintzat hartu du» PPk astearte honetan Gasteizko Parlamentuan Askatasun eta Bizikidetzarako Lantaldea sortzeko aurkeztu duen mozioa, «PPrekin ditugun desadostasunak handiak eta ezagunak diren arren, ekimen hori abiapuntu ona izan daitekeelako bakerako bidean akordio zabalak lortzeko».

«Lan egin dezagun akordio hori ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko», esan du Julen Arzuaga legebiltzarkideak. «Helburua hori bada, lehenetsi ditzagun gure artean ditugun elkarguneak, txikiak badira ere, ezberdinatasunak eta desadostasunak azpimarratu ordez», gaineratu du.

Adibide gisa aipatu du Arzuagak PPren ekimenean «totem» izan den ‘kondena’ hitza sartu ez izana.

Arzuagak berretsi egin du koalizioaren prestutasuna «elkarrizketaren bidetik sentsibilitate politiko guztiak lehen bait lehen mahai baten inguruan eser daitezela erdiesteko, bakeaz, normalizazioaz eta bizikidetzaz hitz egiteko». Quirogak bere alderdiaren ekimean hobetzeko prest dagoela esan ondoren, Arzuagak EH Bilduren «konpromiso osoa» adierazi du, «iritzi-trukaketaren bidez PPren ekimen hori guztiona izan dadila lortzeko».

«Norabide horretan elkarrizketa politikoari bai esaten diogu, inor baztertu gabe; bai esaten diogu ezberdinen arteko adoste puntu berriak eta zabalak sortzeari», esan du legebiltzarkideak.

Azkenik, Estatu frantsesean izan diren atxiloketak salatu du Arzuagak, Baigorrin eginikoak bezala, akordioak lortzeko eta bake eszenatoki batera iristeko oztopo direlako.

Ohartarazi duenez, «badirudi batzuek agenda ezkutua dutela bide horretan zailtasunak jartzeko, baina lanean segitzeko gai izan behar dugu, oztopo horiek guztiak gainditzeko».