NAIZ
DONOSTIA

Juan Mari Mujika presoa aske gelditu da

Juan Mari Mujika Dorronsoro preso ataundarra aske gelditu da, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez. 2012ko uztailean atxilotu zuen Polizia frantsesak eta Espainiaratu egin zuten. Abendu hasieran epaitu zuten, beste hiru pertsonekin batera, eta Fiskalak haientzat 70 urtetik gorako espetxe zigorra eskatzen zuen arren, aitortu zuen ez zeukatela auziperatuen aurkako «proba zehatzik».

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Juan Mari Mujika presoa Valdemoroko espetxetik atera da astelehen gau honetan.

Abenduaren 9an epaitu zuten Mujika, Luis Iruretagoiena, Pello Olano eta Goio Jimenez, 2010ean Jose Maria Aznar orduko presidente espainiarra hiltzen saiatzea egotzita. Fiskalak 72 urteko espetxe zigorra eskatu zuen Iruretagoienarentzat eta 71koa gainerako auziperatuentzat, nahiz eta onartu zuen ez zeukala beraien parte hartzeaz «proba zehatzik». Denek ukatu egin zuten akusazio hura.

2012ko uztailean atxilotu zuen Polizia frantsesak eta Espainiaratu egin zuten.

2008ko abenduan publikoki salatu zuen poliziaren izenean hitz egiten zuten hiru pertsonek bahitu egin zutela bizpahiru orduz.