NAIZ
IRUÑEA

Aberri Eguna erabakiaren aroan «inflexio puntu» izan behar da, Independentistak Sarearen iritziz

Hilaren 27an Iruñean ospatuko den Aberri Egunean Independentistak Sareak zabalduko duen mezuaren gakoa «bai» hitza izango dela azaldu dute: «demokraziari, justizia sozialari, euskarari etorkizunari, Euskal Estatu burujabeari, Euskal Errepublikari... bai!». Hitzordu hori erabakitzeko aroan «inflexio puntu» izan behar duela aldarrikatu dute.

«Inoiz baino argiago dago geure buruaren jabe izateko beharra». Hitz horiekin abiatu Independentistak Sareak aurtengo Aberri Egunaren harira eginiko hausnarketa.

Egungo «dependentziaren kalteak» oso ezagunak direla azaldu dute: «gerrak eta gatazkak; gure hizkuntzaren eta kulturaren aurkako erasoak; gure nazioaren eta eskubideen ukazioa; asimilazioa; gure garapen ekonomikoa eta sozialreko tresna eta eskuduntzarik eza; etorkizuna eraikitzeko ezintasuna; eta abar luzea».

«Iraganari loturik mantentzen gaituzten kateak» apurtzeko deia egin dute, azpimarratuz Estatu espainol zein frantsesaren barruan ez dagoela «inolako burujabetza aukerarik» eta, hortaz, etorkizuna eraikitzea «eragozten digun harresia» apurtu beharra dagoela.

«Begira dezagun harresiaz bestaldera ikus ditzagun independentziak zabaltzen dizkigun aukerak: demokrazia sakon eta partehartzailea eraikitzeko aukera; justizia sozialean eta aniztasunean oinarritutako gizartea eratzeko aukera, herritar guztiak duintasunez bizitzeko aukera, pobrerik gabeko euskal jendarte baterako aukera, euskaraz bizitzeko aukera, askatasunean eta bakean bizitzeko aukera... Azken finean, herri libre batean herritar zoriontsu izateko aukera», esan dute.

Burujabetzarako bidean, baina, Paris eta Madrilekiko «aldebikotasun eskema» dagoeneko iragana dela azpimarratu dute eta, hortaz, argitu alternatiba eraginkorrena dela «geure bidean aurrera egitea».

«Erabakitzeko garaia da. Aro berri batean sartu gara jadanik; erabakiaren aroan», esan dute, aurtengo Aberri Egunak jauzi horretan «inflexio puntu» izan nahi duela aldarrikatuz. «Horrexegatik –gaineratu dute–, ‘bai’ hitza izango da Independentistak sarearen mezuaren gakoa Aberri Egunean: demokraziari, justizia sozialari, euskarari etorkizunari, Euskal Estatu burujabeari, Euskal Errepublikari... bai!».

Martxoaren 27an, Aberri Egunean, manifestazioa egingo da Golem zinemetatik abiatuta eta, Sarasate pasealekuan egingo den ekitaldi politikoaren ondotik, ospakizunerako aukera emango du egun osorako egitarau oparoak.

Aberri Egunetik aurrera zabaltzne den erabakiaren aroan «gogotsu» hartuko dute parte independentistek eta «subjektu independentista metatu eta aktibatzeko lanari» ekingo diote. Euskal Herriaren etorkizunari buruzko hausnarketa eta eztabaida sustatuko dute gizartean, horretarako ekimen ezberdinak antolatu eta bultzatuz, tartean, tailerrak, solasaldiak edo mahainguruak.