CONTENU SPONSORISÉ

Uztailaren lehen asteburua, jai zurrunbiloan murgilduta

Sanpedroek jarraipena izango dute asteburu honetan hainbat herritan, eta beste batzuk ere jai zurrunbiloan murgilduko dira. Hauen artean, Usurbil eta Zumarraga (Gipuzkoan) edo Portugalete eta Mungia (Bizkaian). Bi urteko etenaldiaren ondoren, egitarauak bere osotasunean ospatzeko moduan izango dira.

Usurbilgo oilasko biltzaileen bazkaria aterpean egin behar izan dute aurten.
Usurbilgo oilasko biltzaileen bazkaria aterpean egin behar izan dute aurten. (NAIZ)

Usurbilen joan zen asteazkenean bota zuten txupinazoa eta, ostegunean oilasko biltzaileen festa egin eta gero, ostiral honetan, uztailak 1, haur eta gazteei eskainitako eguna izango da. Egun guztian, beraiei zuzendutako jolasak, bazkariak, musika emanaldiak, eta erraldoi eta buruhaundiak izango dira. Herritarren arteko herri kirol saioen ondoren, eguna amaitzeko Anje Duhalde, Perlata eta Skabidean taldeen emanaldiak daude iragarrita.

Uztailaren 2an, larunbata, preso eta iheslariei eskainitako eguna izango da. Ekitaldirik nagusienak, eguerdiko sokadantza, preso eta iheslarien eskubideen aldeko kalejira eta zikiro jana, sokamuturra eta gaueko musika emanaldiak izango dira.

Jaietako azken eguna, uztailaren 3a, ekitaldiz josia dator. Bi urteko etenaldiaren ondoren, aurten gaupaseroen argazkia berreskuratzeko aukera izango dute herriko gazteek. Horren ondotik, denentzako kirol eta jokoak izango dira: toka eta igel jokoa, mus txapelketa eta esku pilota txapelketa, txosnetako paella lehiaketa ahaztu gabe. Aurtengo jaiei amaiera emateko, ohiko mozorro festa eta karaokea berreskuratuko dituzte txosnetan.

Bestalde, eta eraso matxistarik gabeko jaiak helburu, Udalak eta Kafe Tertuliak lanketa berezia egin dute elkarrekin. Batetik, sexu erasoen aurkako lan saioak egin dituzte, Sortzen elkarteak dinamizatuta. Bestetik, sexu erasoen aurkako gida bat banatu dute etxez etxe eta, horrez gain, Sagardo Egunean egin bezala, sexu erasoen aurkako guneak jarriko dituzte uztailaren 1ean eta 2an.

Usurbilgo establezimendu laguntzaileak: Alkartasuna, Autocares Aizpurua, Artzabal, Aizpurua Okindegia, Bordatxo Taberna, Labegoxo, Patri Jatetxea, Urtinea, Usurbilgo Udala.


Zumarragan ere pandemia aurretik ohikoak ziren ekitaldiak berreskuratu dituzte. Pasa den asteburuan, esaterako, dantza libreko txapelketa eta haur danborrada egin ziren, eta asteburu honetan egitarauaren ekitaldi nagusiak ospatuko dira.

Horrela, ostiralean, uztailak 1, elkarteen arteko danborrada dago iragarrita gaueko 23tan, eta larunbatean, uztailak 2, ez du hutsik egingo Antioko Amari bisitak. Bertan, ohikoa denez, herriko dantzariek ezpata-dantza eskainiko diote Ama Birjinari eta, prozesioaren ondoren, ohorezko aurreskua dantzatuko dute eliza aurreko zelaian. Goizeko ekitaldiak amaitzen denean, herri bazkaria eta erromeria ospatuko dira, Antxiñako Ama txistulari taldearekin, Tolosako dultzaineroekin eta trikitilariekin.

Azken egunean, uztailaren 3an, arte eta eskulangintza azokaren txanda izango da, baita Zumarragako musika bandaren kontzertuarena, kuadrilen arteko Gran Prix-arena eta gauerdiko Larrain Dantzarena ere.

Zumarragako Txosnen Batzordeak, bestalde, egitarau berezia prestatu du ostirala eta astelehena bitartean. Lehen egunean (uztailak 1) bazkari autogestionatua, mus txapelketa, poteo musikatua eta kontzertuak izango dira, besteak beste. Uztailaren 2an, larunbata, erromeria eta DJ saioak izango dira, uztailaren 3an elektrotxaranga eta kontzertua, eta amaitzeko, uztailaren 4an (astelehena) ohiko "Bixamona Fest" berreskuratuko dute musika kontzertuekin.

Zumarragako establezimendu eta erakunde laguntzaileak: Eitza Consulting, Carrocerías Urretxu, Entzun Audifonoak, Iraeta Tabakoak, Prest Lan Bertikalak, Zumarragako Udala.

Bi urteko etenaldiaren ondoren, Uriguen parkea sukalde erraldoi bat bihurtuko da igande goizean. Aritz LOIOLA (FOKU)


Mungia eta Portugalete, jaietan

Bizkaian ere herri asko dira asteburu honetan sanpedroak luzatuko dituztenak, hauen artean Mungia. Horrela, ostiralean, uztailak 1, gazte bazkaria eta bertsolarien kalez-kaleko emanaldia izango dira; larunbatean (uztailak 2) dantza erakustaldiak, adinekoen bazkaria eta gaueko kontzertuak; eta igandean (uztailak 3) Mungia Rugby Taldeak antolatutako sukalki egunak amaiera ezinhobea emango die aurtengo jaiei.

Bi urteko etenaldiaren ondoren, Uriguen parkea sukalde erraldoi bat bihurtuko da igande goizean, eta bertan elkartzen diren kuadrillek behi-haragiz, patataz eta piperrez ostatutako kazuelak prestatuko dituzte. Izena emateko epea 10.00etatik 11.30etara egongo da zabalik eta epaile aurrera 13.00etatik 14.00etara aurkeztu beharko dira.

Eguna girotzen laguntzeko, parkean ibiliko dira Gure Ametsa Txistulari taldea, Miren, Idoia eta Roberto Etxebarria trikitilariak eta Txikuri fanfarria. Arratsaldeko kalejira eta erromeriaren ostean, Marijatari agur esan eta paineluak erreko dira.

Mungiako establezimendu laguntzaileak: Mungiberri, Artza Kirol Moda, Iturburu Inmobiliaria, Torpedo Gorria, Talleres D.Elgezabal.

Portugaleten ere jai egitarau osoa berreskuratu dute bi urteko etenaldiaren ostean. Hiriaren 700. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiak amaituta, ostiralean (uztailak 1), Giako Andra Mariaren jaietako txupinazoa izango da. Horren ondotik, adin guztientzako ekitaldiak izango dira: prozesioa, buruhaundiak eta haurrentzako tailerrak edo sokadantza, beste batzuren artean. Arratsalderako, kale animazioa, pilota txapelketa, erraldoiak, irrintzi eta soka-tira txapelketak, abesbatzen emanaldiak eta berbenak daude iragarrita.

Larunbatean (uztailak 2), XVI. marmitako txapelketa eta haurrentzako herri kirolak eta antzerkia izango dira, eta arratsaldez, dantzari txikien emanaldia eta barrenatzaileen txapelketa.

Portugaleteko establezimendu laguntzaileak: Bigistak, Larrun Taberna, Amezcua Retail.