Leopoldo Zugaza hil da, Gerediaga Elkartearen eta Durangoko Azokaren sustatzailea
Kultur ekintzaile nekaezina, Leopoldo Zugazak Gerediaga Elkartearen sorreran parte hartu zuen eta Durangoko Azokaren lehen edizioen bultzatzaileetako bat izan zen.
Euskal kulturak galera garrantzitsu bat izan du asteazken iluntze honetan. Leopoldo Zugaza ekintzaile kulturala hil da. 1932an Durangon jaioa, Durangoko Azokaren sustatzaileetakoen artean egoteagatik izango da gogoratua. Izan ere, beste euskaltzale batzuekin batera, Zugaza bera izan zen Gerediaga Elkartearen sortzaileetako bat. Garai latzak izan ziren haiek, baina euskal kulturak aterki bat behar zuen eta frankismoaren hondarretan izandako euskal kulturaren loraldiak plaza bat behar zuen. Sortzaileak bor-bor ziren eta Zugazak eta enparauek jarri zioten agertokia erakutsi eta zabaltzeko beharrean zen kulturari.
Baina ez zen hura izan burura eramandako kultur ekintza bakarra. 1993. urtean, Ramon Serrasekin batera, Zarauzko Photomuseum sortu zuen. Biak izan ziren sorreraren protagonista nagusiak, aparailu eta irudi fotografikoez osatutako euren bildumak izan baitzituen oinarri egitasmoak. Harrezkero, izugarri handitu eta aberastu da hastapenetako bilduma hura. Argazki & Zinema Museoa du izena eta 1993ko irailean zabaldu zituen lehen aldiz ateak Villa Manuela eraikinean: urte batzuk geroago eraberritu zen eraikina eta oso-osorik Photomuseum-aren egoitza bihurtu zen. Helburua argi zuten, hasiera-hasieratik: arte eta teknika fotografikoaren zein zinemagintzaren hastapenak ikertzea eta, batez ere, hedatzea eta jendarteari erakustea. Eta horixe izan dute xede harrezkero.
2020. urtean Lakuako Gobernuak Gure Artea saria eskaini zion Zugazari –Bilboko Arte Eder Museoko Miguel Zugazaren aita da–. Bere ibilbideari aitortza egin zioten sariketan, Euskal Herrian kultura eta arte plastikoak sei hamarkadatan sustatzearen eta zabaltzearen alde egin zuen ibilbide oparoan oinarrituta».
Zugazaren «jakinmina eta lanerako gaitasuna nekaezinak» arrazoitu zituen orduan epaimahaiak. Orduan justifikatu zutenez, hauek izan ziren «bere inguruko kulturaren esparruan aurkitu diren hutsuneak betetzera bultzatu» zuten ezaugarriak.
Liburugintza eta literatura izan ziren bere beste pasioetako batzuk. Hala, editore gisa lanean aritu zen 90eko hamarkadan Zarautzen Olerti Etxea sortuz. Halaber, ‘Irrisko sorta’ deituriko bilduma bat sortu zuen euskaraz, nahiz eta bera euskal hiztuna ez izan. Euskal kulturarekiko zeukan konpromisoaren beste erakusle bat.
Bere ekintzailetasunak eta nekaezinezko lan eskergak Eusko Ikaskuntzaren errekonozimendua jasotzera eraman zuen. Horrela, ohorezko bazkide bihurtu zen, durangarrak zeukan gaitasun intelektuala eta euskal kulturarekiko erakusten zuen sentsibilitateari gorazarre eginez.
Asteazken gauean ugariak izan dira ekintzaile durangarra gogoan izan duten mezuak. Horien artean, Inma Garrastatxu (EH Bildu) bere jaioterriko alkatearena.
Leopoldo Zugaza joan zaigu, ezagutzaren maitale eta kultur eragile nekaezina.
— Ima Garrastatxu Urbaneja (@Ima_Garrastatxu) November 2, 2022
He tenido la suerte de pasar horas junto a él, aprendiendo de toda su sabiduría
Beti gogoratuko dut @hitzliburudenda-ko besaulkian, liburu eta lagunez inguratuta.
Goian Bego.#GarenaEginez pic.twitter.com/LQ35VJrojg