Gaurkoa bezalako egun bateko goizaldea. 1985. Altza auzoa, Donostia. Guardia Zibilak Mikel Zabalza autobus gidari gaztea, Idoia Aierbe haren bikotekidea eta Manuel Vizcay lehengusua atxilotu ditu. Operazio berean, Ion Arretxe errenteriarra eta Zabalzaren bi anaia atzeman dituzte. Azken bi hauek familiaren jaioterrian, Orbaizetan. Guztiei ETAko kide izatea leporatzen diete. Ordu batzuen buruan Patxi eta Aitor Zabalza aske utzi bazituzten ere, gainerako laurei Intxaurrondon pasarazi zietena Euskal Herriko historiaren orrialde beltzenetako batean dago idatzita.
Atxilotu ondoren zer gertatu zen ezingo da inoiz jakin Mikelen ahotik. Hala gogoratzen zuen GARAk gertakariaren 30. urtemuga kari argitaratutako erreportajean. Bertan jasotzen zuen, baina, Arretxek 2017ko martxoan zendu zen arte ezin izan zuela burutik kendu han bizi izandakoa. 21 urte zituen, Arte Ederretako ikaslea zen eta gurasoekin bizi zen, Guardia Zibilak etxetik atera zuenean. Bere kontaketa, 'Intxaurrondo: la sombra del nogal' liburuan jasota utzi zuena, gordina da.
«Hil nendin desiratzera iritsi nintzen»
«Zuzenean mendira eraman ninduten, erreka bazter batera. Ondo aukeratua zuten lekua. Plastikozko zakuak sartu zizkidaten burutik eta oinetatik, eta ondoren zinta itsasgarriarekin gorputz osoa bildu zidaten, momia baten modura utziz, nirekin nahi zutena egiteko moduan. Galdeketa beldurgarria izan zen, nire bizitzako unerik txarrena. Burua uretan sartzen zidaten, galderak egin, berriro sartu itolarria eraginez… Behin baino gehiagotan galdu nuen konortea eta hil nendin desiratzera iritsi nintzen, infernu hura bukatu zedin. Dena oihuak ziren baso hartan, nireak desesperazioak eragindakoak. Tarteka mediku batek azazkalak miatzen zizkidan, horrela zekiten-eta torturatzen segitzerik bazeukaten. Intxaurrondora itzuli ginenean blai eginda nengoen, soinean botaka eta txiza eginda. Arrastaka eraman ninduten gela batera, eta han inkomunikatu» dio Jonek. Eta uste du Mikelek ere antzeko tratua jaso zuela.
Aierbek kontatu zuen Intxaurrondon ikusi zuela bikotekidea, buruan plastikozko poltsa bat zeukala. Vizcayk ere aipatu zuen atxilotu ondorenean entzun zituela lehengusuaren oihuak, baina gero ez.
Esan daiteke hemen hasi zela sinetsi ezinezko bertsio ofiziala. Zabaldu zenez, Endarlatsara eraman zuten, ustezko arma-zulo baten bila, eta une hori baliatu zuen orbaizetarrak guardia zibilengandik ihes egiteko, Bidasoa ibaira salto eginda. Eskuburdinak jarrita zeramatzan eta, gainera, ez zekien igeri egiten.
Orduan Gipuzkoako gobernadore zibila zen Julen Elgorriagak (PSOE) ere aitortu zuen, kazetari bati erantzunez, ihesaren bertsio hura «rokanboleskoa» zela.
«Galdutako objektuetan»
Hori guztia gutxi balitz, Zabalzaren ama Intxaurrondora inguratu zenean, non ote zeukaten galdetzera, agente batek esan zion «galdutako objektuen bulegoan» bila zezala. Hogei egun joan ziren, ustez desagertu zen tokia goitik behera miatu zuten boluntarioek, Gurutze Gorriak eta DYAko urpekariek, baina, azkenean, Guardia Zibilak berak «aurkitu» zuen gorpua, Bidasoko uretan, abenduaren 15ean.
Egun horietan guztietan jazotakoa argitu gabe auzi honen ibilbide judiziala 2010. urtean itxi bazen ere, ondoren ere izan da berririk eta egin dira aitortzarako eta erreparaziorako urratsak.
2021eko otsailean audio zahar bat atera zen argitara, eta bertan, Pedro Gomez Nieto Guardia Zibilaren kapitainak Alberto Perote CESID zerbitzu sekretuetako buruari azaltzen zion bere ustez Zabalza itaundu zutenei «eskua joan» eta «galdeketan bertan gelditu» zitzaiela. 'Non dago Mikel?' filmerako dokumentazio lanak egiten ari zirela aurkitu zuten audioa Miguel Angel Llamas 'Pitu' eta Amaia Merino zuzendariek. 'Público' agerkari digitalak eman zuen dokumentuaren berri –transkripzioa ezaguna zen aurrez ere, baina audioa bera ez–, eta NAIZen ere entzungai dago.
Audioa argitaratu ondotik Ramon Solak idatzi zuenez, elkarrizketa hark argi adierazten zuen Intxaurrondon kezkatuta zeudela torturatzean egindako «akatsekin» eta, horregatik, Zabalzaren auziak mugarri bat markatu zuela. «Findu» egin zuten praktika. Hala erakusten du ordutik bi zigor baino ez zirela jazo espainiar Estatuan, 1986an eta 1992an.
2022ko otsailean, orbaizetarraren heriotzatik 36 urte igarota, Lakuako Gobernuak biktima gisa aitortu zuen Zabalza eta, adituen ikerketa sakon batean oinarrituta, baieztatu zuen torturatuta hil zutela. Iragan apirilean ere gauza bera egin zuen Nafarroako Exekutiboak, motibazio politikoko beste hamaika biktimarekin batera aitortu baitzuen Zabalza.
2023an jakin genuen, gainera, Intxaurrondon teniente izandako Arturo Espejo maila igoera batekin saritu zuela Fernando Grande-Marlaska buru duen Barne Ministerio espainolak. Hala jaso zuen Iñaki Iriondok NAIZen. Endarlatsako pasartean izan zen guardia zibil hura eta, hortaz, badu lotura Zabalzaren heriotzarekin, inplikazio maila inoiz argitu ez bada ere.
Kontatu berri duguna ez da, baina, egun honi lotuta ageri den indarkeria kasu bakarra.
1992an, esaterako, HBk prentsaurrekoa eman zuen bere militanteen aurkako jazarpen poliziala salatzeko, 'Egin'-ek hurrengo egunean jaso zuenez. Besteak beste, Guardia Zibilak kontroletan geratutako pertsonak fusilatzeko itxura egiten zuela adierazi zuten.