Naiz.info
Gasteiz

Mikel Agirre EiTBko zuzendari nagusi izendatzeko proposamena onartu du Lakuako Gobernuak

Lakuako Gobernuak Mikel Agirre EiTBko zuzendari izateko prposamena onartu du eta Gasteizko Legebiltzarrera igorri du, bertako Mahaiak eta Bozeramaileen Batzarrak onar dezaten. Izendapen ofiziala otsailaren 28ko Osoko Bilkuran egingo da.

Mikel Agirre, Laura Mintegirekin egin zuen bileratik ateratzen. (ARGAZKI PRESS)
Mikel Agirre, Laura Mintegirekin egin zuen bileratik ateratzen. (ARGAZKI PRESS)

Lakuako Gobernu Kontseiluak Agirre EiTBko zuzendari nagusi izateko izendapena onartu du goizeko bileran eta, jarraian, Gasteizko Legebiltzarrera eta Mahaira igorri dute proposamena. Mahaia goizean zehar bilduko da eta, horrek onartu ostean, Bozeramaileen Batzarrera eramango da, hilaren 28ko Osoko Bilkurako gai zerrendan erantsi dezan.

EAJko Joseba Egibarrek eta PSEko Jose Antonio Pastorrek agerraldia egin zuten eguerdian eta bertan bi alderdien arteko akordioa baieztatu zuten, Agirreren izendapenaren inguruan.

Pastorrek ziurtatu zuen hitzarmenak aurtengo aurrekontuen inguruko negoziazioarekin ez duela zerikusirik, eta ukatu egin zuen PSEren babesaren truke EiTBren zuzendaritzan bere alderdiak proposatutako pertsonak izatea eskatu dutenik. Laguntzaile taldea diseinatzerako orduan zuzendari berriari «entzuteko» besterik ez diote galdegin, esan zuenez.

Egibarrek, berriz, adierazi zuen asmoa dela akordio hori berritu behar diren beste erakunde batzuetara ere zabaltzea, Arartekoa edo Kontuen Euskal Auzitegia, esaterako.