@arianekamio
Andoain

Euskara ematen hasi da Korrika, Andoaindik abiatuta

Arratsaldeko 16.30ean abiatu da Korrika 18 Martin Ugalde Kultur Parkeko langileek emandako lehen pausoekin. Baionara heldu aurretik, hamar egunez Euskal Herriko errepideetan izango da. Ttipi-ttapa, badoa. [Korrikaren jarraipen berezia]

Aurreskua dantzatu diote Urki taldeko dantzariek lekukoari, txalapartaz lagunduta. (INFOZAZPI IRRATIA)
Aurreskua dantzatu diote Urki taldeko dantzariek lekukoari, txalapartaz lagunduta. (INFOZAZPI IRRATIA)

Hasi da Korrika. 18. edizioa martxan da dagoeneko Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik lehen kilometroak eginda. Euria lagun, eta euskara lagun, kilometroak egiten da dagoeneko. Ttipi-ttapa, ttipi-ttapa... Euskal Herria zeharkatzera doa Korrika.

Aurkezpen ekitaldia egin dute minutu batzuk lehenago Kultur Parkean eta aldarria argia izan da: Euskara elkarri ematea, aurtengo leloak dioen moduan.

Euskara emateko era ezberdinak aipatu dituzte, ordea, ez soilik euskal hiztunei dagozkienak, euskal gizarte osoari zuzendutakoak baizik. Euskaraz dakienak eman egin behar du, esan du Oscar Elizburu AEKko kontseiluko kideak. Euskara eman, euskal hizkuntza erabiltzeko joera bultzatzeko.

Euskara eman beharrean daude, baita ere, euskaraz ez dakitenak, euskal hiztunei euskara erabiltzeko aukera emanez. Horrexegatik dira, aurtengoan, euskara ikasleak Korrikako omendu nagusiak, «gure hizkuntza ikasteko ahalegina egiten ari direlako».

Azken deia, euskal instituzioei, agintariei. Haiek ere eman behar dute euskara. Baliabideak jartzeko eskaera luzatu diete, ikasteko baldintzak bermatu eta doakotasunerako bidea zabaltzeko.

Edurne Brouardek sartu du aurtengo mezua lekukoaren barruan, Baionan martxoaren 24an irakurriko dena. Ohorezko aurreskua dantzatuta, ibilbideari hasiera eman dio aurtengo Korrikak.

Samara Velte ‘Berria’ egunkariko kazetariak eraman du lekukoa lehen metroetan, eta Martin Ugalde Kultur Parkeko langileen eskuetatik igaro ondoren, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek herrirako bidea hartu dute.

Kilometroak egiten hasi da dagoeneko, ehunka kilometro, milaka metro, Baionako helmugara iritsi arte. Bidean, Euskal Herriko euskal hiztunak zain izango ditu.