NAIZ.INFO
IRUÑEA

Barcinari tarta jaurtitzeagatik inputatutakoek gehiegizkoak ikusten dituzte zigor eskaerak

Yolanda Barcina Nafarroako presidenteari tarta jaurtitzeagatik auzipetuta dauden lau lagunek beren aurka Fiskaltzak eskatutako zigorrak «erabat neurriz kanpokoak» direla salatu dute. Bosna urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak eta akusazio partikularrak, aldiz, bederatzikoa egin du euretako baten aurka eta seikoa gainontzeko hiruentzako.

Mugitu!-ko kideek Iruñean eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Mugitu!-ko kideek Iruñean eman duten prentsaurrekoaren irudia. (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Auzipetuen aurkako zigor eskaeren berri izan ondoren, auziperatuek agerraldia egin dute Iruñean, Fiskalak zein akusazio partikularrak eskatutako zigorrak «erabat neurrigabeak» direla adierazteko.

Azpimarratu dutenez, 2011n Okzitaniako Tolosan buruturikoa «ekintza komikoa izan zen, inolako min fisikorik eragin ez zuena, eta mundu osoan zehar egin direnen antzekoa, ia ondorio legalik izaten ez dituztenak».

Hori dela-eta, nabarmendu egin dute beren kasua «munduan horren eskara hain neurrigabeak egiten diren bakarra» dela.

Zehazki, fiskaltzak bosna urteko eskaerak egin ditu eta Barcina ordezkatzen duen akusazio partikularrak, aldiz, azipetuetako batentzat bederatzikoa eta beste hiruentzako seikoa egin du.

Inputatu guztiek helegitea aurkeztu dute Madrilgo Entzutegi Nazionalean, auzia Estatu frantsesean epaitu beharko litzatekeela planteatzeko, eta gogoratu Okzitaniako Tolosako Fiskaltzak artxibatu egin zituela afera honen inguruan irekitako auzibideak.

Haien esanetan, helegiteak «pisu juridiko» nahikoa badu Entzutegiak auzia artxibatzeko moduan.

Azkenik, auzipetuei elkartasuna adierazteko eta AHT bezalako makroproiektuei ezezkoa emateko kanpaina bat abiatuko dutela iragarri dute.