Xabier Lopez Peña Galdakaoko presoak zaintza berezietako unitatean jarraitzen duela jakinarazi du Herrirak eta ez duela hobera egin. Estimuluei esku eta begiekin erantzuten diela jakinarazi du presoen eskubideen alde diharduen elkarteak.
Herrirak bezala Etxeratek ere salaketa plazaratu du, Lopez Peñaren egoerarekin «oso kezkatuta» daudela adierazi dute senideek eta espetxearen isiltasuna eta oztopoak salatu dituzte. Egoeraren berezko krudelkeria are krudelagoa bihurtzen ari direla salatu du Etxeratek.
Herrirak tarte berezia eskaini dio Lopez Peñaren eta gaixo larri diren presoen egoerari hilabeteko azken ostiraleko mobilizazioetan. Berriki hil zen Anjel Figeroaren kasua ere gogoratu dute. Protesta hauetan euskal preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespenezko neurriak bertan behera uzteko eskatuko du Herrirak, «indarrean dagoen espetxe politika giza eskubideak nabarmen urratzen dituelako». Herriraren esanetan «indarrean dagoen espetxe politikak gehiegitan dantzatzen du tragediarekin».
Lopez Peñaren eta gaixo diren presoen egoeraz gain dispertsioa ere salatu du Herrirak gaurko mobilizazioen deialdian. Jabi Martinez presoaren lagunek izandako istripua gogoratu du eta 1989an sakabanaketa modu zabalean aplikatzen hasi zenetik presoen senide eta lagunek 400 istripu inguru izan dituztela.