Herritarren mantu laranja bat, eskuak elkarri lotuta eta ‘herri harresi’ horren erdian, babesean, Donostiako zortzi gazte zigortuak. Eskubideen urraketari aurre egingo dion ‘herri harresia’ irudikatu dute modu horretan hiriburu gipuzkoarreko manifestaziora batu diren milaka herritarrek. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Hasier Arraiz Sortuko presidentea ere bertan izan dira, besteak beste.
Eleak mugimenduaren izenean Txerra Bolinagak asteazkeneko Ekaitz de Iberoren atxiloketa eta bertan poliziak izandako jarrera salatu ditu Bulebarrean egindako hitz hartzean, «herritarren erresistentzia eta desobedientzia zibil pasiboaren aurrean horrela funtzionatzen duen polizia eredurik ez dugu nahi», esan du. Arduradun politiko eta polizialen dimisioa eskatu du Eleak mugimenduak eta manifestazioan EAJren aurkako oihu dezente izan da.
Egoera politikoa «errotik» aldatu den arren, Espainiako eta Frantziako estatuek eskubide zibil eta politikoen urraketarekin jarraitzen dutela salatu du Bolinagak eta «elkartasunetik konpromisora pasatzeko garaia» iritsi dela.
Donostiako zortzi gazteen egoeraz gain, guztira berrehun euskal herritar inguru antzeko auziengatik espetxeratzeko arriskuran direla salatu du Bolinagak. «Horri nola egin aurre?» galdetu dio bere buruari, eta erantzuna aste osoan Bulebarrean diren gazteen jarreran aurkitu du: «Estatuen indarkeriari erresistentzia zibil eta pasiboarekin, konpromiso pertsonal eta kolektiboarekin, desobedientziarekin eta beharrezkoa bada intsumisioarekin erantzungo diogu».
AskeGunea etenik gabe
Manifestazioaren ostean jai giroa nagusitu da Bulebarrean Xabier Solano eta DZ-rekin. AskeGunean eremu horren izaeraren inguruko testu bat ere ezarri dute: «Zortzi gazte hauekin egin nahi duten injustizia izan dadila egoera honekin haserre gauden guztiok lozorrotik ateratzeko behar genuen indarra. Egoera honetan, herri harresia martxan jartzea beste irtenbiderik ez dugu ikusten, eta horretarako, AskeGunea izango da gure territorio librea»
Bulebarrean ezarritako guneak etenik gabe jarraituko du hurrengo egunetan. Egunero bi kontzentrazio nagusi egiten jarraituko dute (12.00etan eta 19.30ean) eta iluntzean eta goizean zigortuak Bulebarretik etxera eta etxetik bulebarrera eramaten dituzten ‘harresiekin’. Igandean 8.30ean ordez 10.30ean izango dira zutabe horiek.