Efe agentziari eginiko adierazpenetan, Natxo Urkixo alkate laudiarrak adierazi du Udalak bete egingo duela epaileak herriko jaietako pregoilariaren inguruan hartzen duen erabakia, «nahiz eta hura ulertu edo konpartitu ez».
Gasteizko epaitegi batek behin behinean bertan behera utzi zuen Pablo Gorostiagaren pregoilari izendapena, Carlos Urquijo Gobernu espainoleko ordezkariak adierazi zuelako «terrorismoaren biktimen duintasunaren aurkako» erabakia zelako.
Epaitegiak emandako epean, Udalak alegazioak aurkeztu ditu behin behineko erabaki horren aurka, eta epaileak erabakia hartzeko zain daude.
Laudioko alkateak azaldu duenez, jai batzorde paritarioak bilera egin zuen atzo, eta bertan adostu zuten, behin behineko epaia berrestekotan, bertan behera utziko dutela pregoia irakurtzeko ekitaldia. Pregoiaren ordez, beste ekitaldi bat egingo dute, epaileak Gorostiagaren izendapena behin betiko debekatzen baldin badu.
Era horretan, Gorostiaga ordezkatuko lukeen beste pregoilari bat izendatzeko aukera baztertu zuten.
«Ez da soilik pregoilari ona, herriaren aldeko lan sozial handia egin duen pertsona bat da», nabarmendu du Urkixok, hiru aldiz Laudioko alkate izan zen Gorostiagari buruz.