Bilbon emandako prentsaurreko baten bitartez, datorren astean, Brouard eta Muguruza hil zituztela 29 eta 24 urte bete direla gogoratzeko Sortuk antolatu dituen ekimenen berri eman dute Pernando Barrena eta Maribi Ugarteburuk.
Gogoratu dutenez, aurten ere testuinguru zehatz batean kokatzen da urtemuga hau, alde batetik, 30 urte betetzen baitira GALek bere lehen ekintzak burutu zituenetik, eta bestetik, Euskal Herriak bizi duen une politikoagatik.
Zentzu horretan, Sortuk Euskal Herriak bizi duen garai berria zabaltzea ahalbidetu duela aipatuta, bi errealitate izan dituzte hizpide: atzera begira dagoena, «Estatuak erakusten ari direna, Euskal Herriaren ukazioan mantentzen dena eta egungo errealitateari beldur diona». Hortik datoz, Sorturen aburuz, Herriraren kontrako polizia operazioa, Ernairen kontrako espiotza kasuak, ezker abertzaleko militanteen kontrako jazarpena...
Baina horren aurrean, nabarmendu dute badela beste errealitate bat etorkizunera begira dagoena: «gatazkaren konponbidearen alde kokatzen dena, giza eskubide guztien alde dagoena eta elkarbizitza demokratikoaren alde kokatzen dena».
«Norabide horetan ulertzen ditugu berriki Mexikon hainbat estatuetako presidente ohiek Aieteko Adierazpenarekin bat egin izana eta Estrasburgoko Auzitegiak ‘Parot doktrina’ gisa ezagutzen dena bertan behera utzi izana», azaldu dute.
Bi ardatzok kontuan hartuta, Muguruza eta Brouarden heriotzen urtemuga gogoratzeko antolatutako ekimenen berri.
Ekitaldi nagusia, ‘Santi eta Josu, herriarenak zarete’ lelopean, asteazkenean egingo da, 19.30ean, Bilboko Abandoibarran EHUk duen Paraninfoan. Maribi Ugarteburuk egingo du hitzartze nagusia.
Horrez gain, hiru hitzaldi antolatu dituzte.
Lehena astelehenean izango da, Bilbon. Iñaki Egaña historialariak eta Hasier Arraiz Sortuko Kontseilu Nazionaleko koordinatzaileak hartuko dute hitza, Brouard eta Muguruzaren legatua ardatz, ezker abertzalearen erronkak aztertzeko.
Asteartean, Gernikan, Estatuaren biolentziaren biktimez arituko dira Iñaki Egaña bera eta Iker Casanova ezker abertzaleko kidea.
Azkenik, ostegunean Ondarroan izango da hitzordua, GALen zigorgabetasunaz mintzatuko baitira Iñaki Goioaga abokatu eta senataria eta Iker Casanova.