@iontelleria

Herri hauspoa erabakiari

Abian ziren Goierrin, Berrizen, Etxarrin, Mungian... erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika propioak; iazko ekainean indarrak batu eta Gure Esku Dago dinamika abiarazi zuten denek. Eskozian eta Catalunyan ez bezala hemen ez da galdeketa datarik, nork bozkatu beharko lukeen adostasunik ere ez; baina, itxuraz, berria eta ilusio eragile den dinamika abiatu dute. Ekainaren 8an elkartuko dute orain herriz herrikoa den ‘xiri-miri’-a.

Herriz herri hiru furgoneta dabiltza ‘Eskutik eskura’ dinamikarekin.
Herriz herri hiru furgoneta dabiltza ‘Eskutik eskura’ dinamikarekin.

Angel Oiarbide idiazabaldarrak ‘Gazta zati bat’ dokumentalean erabakitzeko eskubideaz ari zelarik zioen «gai garrantzitsuegia da politikoen eskuetan, bakarrik, uzteko» eta ideia horri helduta abiatu zen pasa den urteko ekainaren 8an Gure Esku Dago herri ekimena. Oraindik zarata mediatiko handirik gabe herriz herriko txinaurri lanean ari da gerturatzen ekainaren 8ko giza kate erraldoiaren zitara.

Nazioen Mundua ekimen goierritarraren berri jaso zuen ‘Gazta zati bat’ dokumentalak, autodeterminazioaren alde ideologia ezberdineko herritarren arteko elkarlanaren lagin bat. Gazta zati hark bidea egin du, Itzulbatzeta-Erromoko herritarrek osatutako ‘Pasa gazta’ bideoan erakusten duten moduan; filma ikusi eta euren herrian antzeko ekimena bideratzeko ideia burutatzen zaio istorioaren protagonistari [Hemen bideoa].

Ez dira bakarrak, asko dira dinamika bultzatu asmoz bideo sorkuntzari heldu diotenak. Zamudion egin duten laburmetraia, Galdakao eta Zaldibiako herritarrek osatu dituzten lanak edo Txorierrikoena. Azken hauek dozenaka musikari ezagunek elkarlanean osatu zuten abestia eta bideoklipa oinarri hartuta lan propio dotorea osatu dute:


Ikusgarria ere bideokliparen ‘making of’-a.

Herri eta auzo adina dinamika ari dira sortzen batean eta bestean, dinamikaren webguneari begiratzea aski da hori ikusteko, eta dinamika adina ekimen ezberdin ere bai. Lesakan, adibidez, bateko eta besteko herritarrek elkarlanean egin zieten deialdia herritarrei indarrak batzera eta ekitaldi jendetsua egin zuten gutxira erabakitzeko eskubidearen alde bideari ekiteko. Antzeko eredua baliatu dute beste hainbat herritan, Gasteizen adibidez, non aurkezpen ekitaldiak antolatzaileen aurreikuspen denak gainditu baizituen.

Beste batzuk ekimen ikusgarriak egin dituzte. Zornotzan, adibidez, Gure Esku Dago dinamikaren adierazle den esku erraldoia osatu zuten herriko plazan eta Zarautzen antzeko ikuspegiarekin ikurrina erraldoia egin zuten erabakiaren alde.

Herriz herriko aurkezpen eta ekitaldietan bada zerbait komunean dutena denek, konfiantza giroa eta umore ona. Muskizen egindako aurkezpenean nabari da hori herritarrak banan bana eskenatokira igo zirenean, Lezaman aurkezpenaren amaieran denak kantuan hasten direnean edo Markina-Xemeinen kalean egindako ekitaldian.

Ezberdinen arteko konfiantzak eraikitzeaz dezente dakien herria Errenteria da. Bakegintzan urrats esanguratsuak egin ditu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikan ere martxa bizian doaz. Herritar ezagunak bildu zituen ekimenak bere aurkezpenean, mezu baten bueltan, «eskuen atzean herri bat dagoenean, dena dago herri horren esku»:


Ikusgarria Oreretan egin zuten Flashmoba ere: IKUSI HEMEN

Bi ardatzen arabera neurtu dezakegu dinamika, nola eta zer. Nola herritarren ekimenez da, eta aurreko paragrafoetako adibideek erakusten dute horretan asko ari direla aurreratzen; eta zer, erabakitzeko eskubidea da. Erabaki hori zer den eta nola gauzatu behar den lantzeari ere ekin diote herriz herriko ekimenetan. Galdakaon, adibidez, Koldo Saratxagarekin antolatu zuten solasaldian, ‘¿Esperamos o nos movemos?’ izenburupean; edo Azpeitian erabakiak eremu ezberdinetan duen eragina aztertzeko antolatutako zikloan eta Berrizen, Mario Zubiaga EHUko irakaslearekin antolatu zuten hitzaldian. Arrasaten ekonomiaren ikuspegitik aztertu zuten gaia hainbat aditurekin.

Giza katearen lehen ‘entseguak

Herriz herri indartzen ari den dinamika honek ekainaren 8an du zita garrantzitsua. Iruñea eta Durango lotu nahi dituzte eta 50.000 pertsona behar dira horretarako, herrietan eta webgunean eman ahal da izena, eta hainbat herritan entsegu modukoak abiatu dituzte. Txorrierrin egin dute jada lehen gizakatea, baita Goierriko Seguran ere, eta Oreretan, eta Bergaran...

Txinaurri lanean ari dira, herri ekimenez eta neurri batean «politikoak aparte» utzita, Portugaleteko herritarrek tokiko telebista baten egindako adierazpenetan azaltzen duten moduan. «Portugaletekoak gara, jaiotzez edo etorritakoak... nahikoa da, batzen gaituenari heldu behar diogu eta bazter utzi bereizten gaituena»:

Bideo berean azaltzen du beste herritar batek lanerako darabilten bidea: Norbanakoekin bildu eta herrian dauden eragile guztiekin elkarlana abiatu. Giza katearen helburuak betetzeko 800 pertsona inguruk joan beharko luke Portugaletetik dagokion puntura (Elorrio ingurua hauen kasuan), baina ekimenaren arrakasta ikusirik «800 soilik ez, 1.600 baizik!» dio herritar berak.

Beste hamaika adibide gehitu ahalko genituzke: diasporan ekin dioten bideari, herrialdez herrialde erabakiaren aldeko argazkiekin, Abadiñon ‘Opil zati bat’ ekimena sortu dute, Balmasedakoek web animazio bat egin dute, Goierrin klip lehiaketa antolatu dute erabakiaz, ETBn ere topatu du bere txokoa ekimenak ‘Kontrako eztarria’ programan eta abian dira Garesen eta Irunen, Donostian eta Iruñean, Tolosan eta Soraluzen, Getxon eta Eguesibarren. (Herriz herriko ekimenen ARGAZKI GALERIA FLICKR-en)

Herritarren aktibazioa du oinarri Gure Esku Dago dinamikak, bultzatzaileek dioten moduan erabakitzeko eskubidea «aldarrikapen pre-politikoa» delako eta «demokraten batura» dutelako xede. Bide luzea dute, oraindik, erabakiaren unea iritsi arte, baina hauspoa behintzat, dirudienez, ez dute faltan izango.