2010eko Sanferminetako txupinazoan, Udaltzaingoak ikurrinaren sarrera ekidin asmo zuenean izandako istiluen harira auzipetutako 13 gazteen aurkako zigorra ebatzi du Nafarroako Auzitegiak. Larriena Zizurko gazte bati ezarri diote, hiru urte eta sei hilabetekoa. Auzitegiak beste gazte bat zauritu zuen botila bat jauritzea egotzi dio gaur publiko egin duen ebazpenean.
Gainontzeko hamabientzat ere zigorrak ebatzi ditu epaileak. Horietako lauri urtebete eta bi hilabeteko zigorra ezarri die, ordena publikoaren aurka egitea egotzita eta beste hiruri urtebete eta lau hilabetekoa ordena pubikoaren aurka egitea eta atentatua egotzita. Gainera, ordena publikoaren aurka egitea egotzita sei egunez zaintzapean egotea eta 200na euroko zigorra ezarri die epaileak beste bost auzipetuei.
Iruñeko Udala ere zigortu du Auzitegiak ebazpenean, kasu honetan erantzukizun zibila egozten dio Udalari, txupinazo garaian lurrean botilak izatea ez zuelako behar bezala zaindu.
Gaur Zizurren asanblea egingo dute 20:30 Zizurko esparru gaztetxean. #txupinazo2010 pic.twitter.com/a0zSUHMf1b
— Ahotsa.info (@AhotsaInfo) February 28, 2014
Zigor larriena Koldo Sanchez zizurtarrak jaso du eta bere herrian ebazpena salatzeko asanblea deitu dute iluntzerako. Iruñea Askatasunez plataformak ere salatu du auzia eta helegitea jarriko dutela iragarri dute. Zigorrak froga zorrotz eta argirik gabe ezarri direla salatu dute eta ebazpena ongi aztertu ostean honen aurkako manifestazio «anitz eta irmoa» antolatuko dutela iragarri dute.
Auzipetuek epaiketa amaitu ostean Udaltzaingoari eta Udaleko ordezkariei egotzi zieten 2010eko gertakarien ardura. Helburu bakarra «ikurrina Udal Plazatik desagertaraztea» izan zela udaltzainentzat salatu zuten eta salatu zuten ia «non erabakitzen den Udalak gustuko ez dituen ikurrak Plazan sartzen diren ala ez».