Iñigo Gogoan plataformako David Antonio González eta Vania Lozano Gasteizko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean izan dira gaur goizean, Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko egiten ari diren urratsen inguruan beren kezka adierazteko.
Plataformako kideek Jorge Aldekoa Ertzaintzaren arduradun berriaren izendapena behin behinean bertan behera utz dezaten eskatzeko bildu dituzten 22.000 sinadurak aurkeztu dizkiete Legebiltzarreko taldeei. Izan ere, Aldekoak planifikatu baitzuen Cabacas hil zen gaueko polizia dispositiboa.
Gonzalezek eta Lozanok politikariei horrelako heriotzak berriro gerta ez daitezen bermatzeko galdegin diete eta gomazko piloten debekua eskatu dute. Cabacasen auzian oraindik inork ez duela erantzukizun politikorik bere gain hartu salatu dute, eta epaiketak ere ia ez duela aurrera egin gaitzetsi dute.
EAJ, PSE, PP eta UPyDko ordezkariak haserre agertu dira plataformako kideek Cabacasen heriotza «hilketa»tzat jo dutelako, baina Gonzalezek argitu die ez dutela hilketaz termino judizial edo penaletan hitz egiten, «kaleko hizkuntzan» baizik.
EAJko Iñigo Iturratek «akusazio faltsuak» egitea leporatu die Iñigo Gogoan ekimeneko ordezkariei eta Aldekoaren ibilbide «distiratsu eta garbia» defendatu du.
Ildo beretik, Mikel Unzaluk (PSE), Nerea Llanosek (PP) eta Gorka Maneirok (UPyD), hilketatzat hitz egitea «onartezina» dela esan dute eta basauriarraren heriotza argitzeko ikerketa epailearen esku dagoela gogora ekarri dute.
Julen Arzuagak (EH Bildu) bat etorri da Aldekoa Ertzaintzaren buruzagi nagusi izendatzearen aurkako iritziarekin eta Iñigo Cabacasi gertatutakoa berriro jazo ez dadin beste polizia eredu bat beharrezkoa dela nabarmendu du.