NAIZ.INFO
BAIONA

Hauteskundeetako emaitzek EH Bai mugimendu politiko iraunkor bilakatzera bultza dute

EH Bai koalizioak balorazio positiboa egin du hauteskundeetan lortutako emaitzen inguruan. Nabarmendu duenez, mila biztanletik gorako herritan 100 hautetsi abertzale baino gehiago izango dira, eta hautagaitza abertzaleek eta gertukoek 25 alkatetza erdietsi dituzte. Datozen hilabeteetan koalizio izatetik mugimendu politiko iraunkor bilakatzeko prozesua abiatuko du.

EH Baiko ordezkariak, Baionako agerraldian. (Sylvain SENCRISTO)
EH Baiko ordezkariak, Baionako agerraldian. (Sylvain SENCRISTO)

EH Bai koalizioak agerraldia eskaini du Baionan, hauteskundeen emaitzen inguruko irakurketa egiteko.

Koalizioak positiboki baloratu ditu hautagaitza abertzale eta ezkertiarrek lortu dituzten emaitzak, gora egin baitute. 25 alkate abertzaleak edo mugimendu horren gertukoak dira eta 1.000 biztanletik gorako herrietan abertzaleek 100 hautetsi baino gehiago erdietsi dituztela nabarmendu dute.

Abertzaleak Baigorri, Aiherra edo Uztaritzen gailendu dira, eta beste batzuetan alkatetzari eutsi diote, Hiriburun edo Lehuntzen, esaterako.

PS abertzaleekin lan egiteko prest agertu den tokietan akordioetara iritsi direla adierazi dute, baina beste toki batzuetan «mespretxua» erakutsi die eta ezinezkoa izan da, Baionan edo Angelun kasu.

Aurrera begira, EH Baik koalizio izatetik mugimendu politiko iraunkor bilakatzeko prozesua abiatuko duela jakinarazi dute agerraldian eta militante abertzaleen parte-hartzea galdegin dute.