Ahozko epaiketa abiatzearen alde agertu da Fiskaltza ‘Euskaldunon Egunkaria’ko auzi ekonomikoaren baitan. ‘Berria’ren arabera, aurretiazko saioa egin dute Donostian eta hasierako zigor eskaerei eutsi die. Zortzi auzipetuen defentsak, ordea, absoluzioa eskatu du beraientzat, akusazioan aipatzen diren egitateen eta ustezko delituen artean loturarik ez dagoela argudiatuta.
Nabarmendu du, halaber, delitua egongo balitz ere, preskribituta legokeela. Orain epailearen esku dago hori hala den edo ez ebaztea.
Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu, Begoña Zubeltzu, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Txema Auzmendi —azkeneko hirurak auzi nagusian epaituak eta absolbituak— dira auzi ekonomikoko zortzi auzipetuak. Espetxe zigorra eta isun ekonomikoa eskatu du fiskalak zortzientzat. Auzi nagusian baino handiagoak: denera, 128 urteko espetxealdia eta 221 milioi euro. Akusazioa: ‘Egunkaria’-ren 1998, 1999, 2000 eta 2001eko diru kontuak faltsutzea eta diru laguntzak eskuratzeko iruzurra egitea.