CFDT, CGT, ELB, FSU, LAB, UNSA eta Solidaires sindikatuetako 60 bat kidek babesa adierazi diote ekainaren 14an Baionan ‘Giza eskubideak, konponbidea, bakea’ lelopean egingo den manifestazioari eta bertara joateko deia egin dute.
Sindikatu horietako ordezkariak manifestazioan izango dira, «Euskal Herriko bake prozesua sostengatzen» dutelako. Ildo horretan, Madril eta Parisko gobernuei «errepresioa eta salbuespeneko neurriekin bukatzeko eta elkarrizketa onartzeko» galdegin diete.
Sindikalista bezala gogra ekarri dute «egunero arlo publikoko nahiz pribatuko langileen interes eta eskubideen alde borrokan» ari direla eta euren borroka «lehenagoko belaunaldiek borrokatuz lortu zituzten askatasun demokratikoetan oinarritzen» dela.
«Eskubide indibidualak nahiz kolektiboak errespetatuak izan daitezen borrokan ari direnei biziki hurbil sendi» direlako, euskal preso eta iheslari guztientzat «konponbide integrala» eskatzen dute CFDT, CGT, ELB, FSU, LAB, Solidaires eta UNSA sindikatuek.
Lehen urrats gisa, «presoen hurbiltzea eta elkartzea» eskatzen dute, baita iheslarien aurkako «jaukimendu guztien gelditzea».
Euskal Herrian testuinguru berri bat sortzen ari dela-eta, bake prozesua babesten dute sindikatu horiek, «aspalditik irauten duen gatazkaren konponbide politiko, demokratiko eta baketsu batean bururatu» behar duela azpimarratuz.
Manifestazioa gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ari da. Sindikatuez gain, kolore guztietako gazte erakundeek eta hautetsiek babesa adierazi diote.