NAIZ
IRUÑEA

2002an artxibatua izan zen kausa bat berrireki diote Jorge Olaizi, 13 urte preso egin ostean

13 urte preso egin eta pasa den urteko maiatzean aske geratu zen Jorge Olaiz iruindarrari 2002ko uztailean bere aurkako froga nahikorik ez zegola-eta artxibatua izan zen kausa bat berrireki diotela salatu du Sortuk.

Pernando Barrena eta Amaia Izko, Jorge Olaizen egoeraren berri emateko deitu duten prentsaurrekoan. (@sortuEH)
Pernando Barrena eta Amaia Izko, Jorge Olaizen egoeraren berri emateko deitu duten prentsaurrekoan. (@sortuEH)

Jorge Olaiz iruindarraren egoeraren berri emateko prentsaurrekoa eskaini du Sortuk. Bertan, «akusazioen fabrikatzea» edo «frogak artifizialki sortzea» helburu duen praktikaren beste kasu baten aurrean gaudela salatu du.

2014ko maiatzean geratu zen aske Olaiz, 13 urteko kartzela zigorra beteta. Orain, ordea, eta bigarrenez, Miguel Angel Ruiz Iruñeko udaleko zinegotzi ohia hiltzen saiatzeagatik akusatu berri dutela azaldu du.

Sortuk gaineratu duenaren arabera, aipatu kasua artxibatua izan zen 2002ko uztailean, Olaizi deklarazioa hartu ondoren eta fiskalak berak eskatuta iruindarraren aurkako froga nahikorik ez zegoela argudiatuta.

Egoera honen aurrean, zenbait komunikabidek Olaizen aurka hartutako jarrera salatu du Sortuk, eta adierazi du Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak elkarlanean egindako txosten baten ondorioz berrireki dutela kasua.

Gauzak horrela, inputatu moduan deitu dute deklaratzera Olaiz, eta espetxera sartuko ote duten kezka agertu du Sortuk.