NAIZ
Donostia

Askapenako auzipetuak: «Estatua geldiarazteko tresna izango gara»

Agerraldi jendetsua egin dute berriki euren aurkako eskari fiskala ezagutu duten Askapenako auzipetuek eta dozenaka internazionalistek. Epaiketa gehiagorik ezin dela izan esan dute eta herri mugimenduko kide diren heinean «Estatua geldiarazteko tresna» izango direla adierazi dute auzipetuek, erronka horretan «xamurtasuna, borroka eta elkartasun eredu izan den Euskal Herria» izango dutela bidelagun esan dute.

Agerraldi jendetsua egin dute Askapenako auzipetuei babesa adierazteko. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Agerraldi jendetsua egin dute Askapenako auzipetuei babesa adierazteko. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Aste honetan ezagutu da Askapenako bost kideren eta eragilearen beraren aurkako eskari fiskala, epaiketa noiz izango den zehaztu gabe dago baina auzipetuentzat seina urteko espetxe zigorra galdegin du fiskalak eta Askapena bera, Askapeña konpartsa, Elkar Truke eta Herriak Aske kolektiboa legez kanpo uztea ere bai.

Epaiketak ez du datarik, baina bera «erortzen doan inperio baten erokeria nahiak uxatzeko» baliatuko dutela iragarri dute gaur auzipetuek dozenaka lagunen babesarekin. Gabi Basañez eta Walter Wendelinek hartu dute hitza hauen izenean, auzipetuak «Estatua geldiarazteko tresna» izango direla iragari dute eta bidelagun «xamurtasuna, borroka eta elkartasun eredu izan den Euskal Herri hori» izango dutela.

Orain bost urte atxilotu zituzten Askapenako kide hauek eta ezker abertzalea zigortzeko pentsatutako sarekada izan zela salatu dute gaur. Hala ere, behin eskaera fiskala ezagututua, horretaz gain, helburua «herri honek hamarkada luzeetan eginiko lan internazionalista zangotrabatzea» dela adierazi dute. Espainiako Auzitegi Nazionalak «herrion ahotsa isilarazteko amorrua» erakusten duela uste dute auzipetuek. Egindako lan internazionalista gogoratuz, auziarekin helburua «ehunka brigadista isilaraztea» dela salatu dute, «Estatu espainiarraren eta nazioarteko konplizeen estatu krimenen lekukoak alboratzea» eta urte luzez Askapenak egindako lana goraipatu dute.

Epaiketa datak ezartzen dituztenean honen aurkako mobilizazio dinamika abiaraziko dutela iragarri dute Donostian egindako agerraldian.