Etxerateko hamar kide Bruselara abiatu dira gaur arratsaldean Europako Parlamentuko talde politikoetako hainbat ordezkarirekin bilerak egiteko. «Gure ahotsa entzutea nahi dugu», azpimarratu du Maider Alustiza bozeramaileak Loiuko aireportuan. «Senideok bizi dugun errealitatea mahai gainean jarriko dugu, egin daitezken ekimen guztiak egiteko eskatzera».
Badituzte hitzordu asko eta oso anitzak lotuta baina ezin dute horien berri eman oraindik «presioak egon litezkeelako». «Zoritxarrez oraindik senideen kontrako jazarpena dago», adierazi du Alustizak.
Bruselan «25 urte luzez» senideek eta presoek jasan dituzten giza eskubideen urraketak salatuko dituzte. «Dispertsioa da gure lehentasuna eta horrekin behingoz amaitu behar dela eskatzera goaz». Izan ere, uste dute egoera horrekin amaitzeko ardura euskal gizartearena eta politikari guztiena dela, baita Europarena ere.
Coviteren gutuna
Bestalde, komentatu dute pasa den astean Covitek publiko egin zuen gutuna jaso berri dutela. «Esan nahi diegu gu prest gaudela edonorekin hitz egiteko. Prest gaude mahai baten inguruan guztien sufrimenduaz hitz egiteko», baieztatu du Alustizak.